Enpresa-batzordearen esanetan, 2013an Alconza erosi zuenetik kudeaketa negargarria egin du Irizarrek: "Kutxan aurkitu zituzten hamazortzi milioi euroak xahutu dituzte". Honenbestez, ez dute onartzen zuzendaritzak aurkeztu dien bideragarritasun-plana, enpresaren etorkizuna bermatzeko euren soldatak murriztu gura dituzte eta.
"Oso kezkatuta gaude Alconzaren etorkizunagatik, eta etorkizunerako benetako plan bat eskatzen diogu Irizar Taldeari, proiektuaren bideragarritasuna eta 110 langileen enplegua bermatzeko", adierazi dute. Egunotan enpresa-batzordeak eta enpresak negoziatzen jarraituko dute, legeak ezarritako epearen barruan.
Langileek manifestazioa egingo dute eguenean, hilaren 17an, 11:00etan, lantegitik abiatuta eta Berangoko erdiguneraino.