Zelan sortu zitzaizuen ideia?
Gure proiektuaren erabiltzaileetako batek eman zigun, Amaia Aparicio argazkilariak. Esan zuen Berangoko negozio-gida bat sortzea egokia litzatekeela, negozio ugari baitaude eta jendeak ez baititu guztiak ezagutzen. Are gehiago, ezagutzen dituen horietan ez daki zeintzuk diren eskainitako zerbitzu guztiak. Adibide erraz bat: taberna bat ezagutzea, baina eroateko janaria ere prestatzen duela ez jakitea.
Noiz argitaratu duzue gida?
Hilabete honetan. Lehenago behar zuen, baina pandemiagatik negozioak itxi zirenean lana eten behar izan genuen. Gero berriro hasi ginen, apurka-apurka. Hori bai, hasieratik genekien gidak digitala izan behar zuela, ezin baikinen lehen kolpean heldu negozio guztietara. Udalak baliabideak eman dizkigu, baina hala ere... Eta digitala izanda, aukera dago gero ere sartzeko. Beraz, abendukoa lehengo bertsioa da baina bigarrena prestatzen ari gara, negozio gehiago sartuta, eta hirugarrenean guztiak egongo direlakoan nago. Orain 50 baino gehitxoago daude.
Zer motatako negozioak agertzen dira?
Jendearekin lotura zuzena dutenak. Industriakoak ez, horientzat beste gida bat prestatuko du Udalak. Hasieran saiatu ginen Berangon dauden negozio guztiak ateratzen, baina ezin genuen hainbeste elkarrizketa egin. Azkenik, honako parametroak ezarri genituen: negozioa Berangon egotea eta zerbitzua herritarrei eskaintzea.
Tabernak, dendak...
Bai, eta bestelakoak ere bai: diseinu grafikoko enpresak, garbiketakoak...