Udal-arduradunek azaldu dutenez, aurtengo martxoaren 8rako, "emakume ausart, paregabe eta aitzindariz" bete dute Berango. "Emakume horiek ez zuten beldurrik izan, sinesten zutenaren alde borrokatzeko, beren ametsak betetzeko".
Argazkiak udalerrian sakabanatuta jartzeaz gainera, Udalak desafioa egin die herritarrei: "Emakume horiek aurkitu eta zuretzat dituzten mezuak ikus itzazu, eta gonbidatzen zaitugu gehien inspiratzen zaituen emakumearekin argazki bat egitera, eta guri bidaltzera, WhatsApp bidez, Ludotekara, 688 63 08 30 telefonoaren bidez". Ondoren, batutako argazki guztiak Berango Berdintasunak martxoaren 8rako prestatu duen Facebookeko orrira igoko dituzte.
Erronka martxoaren 14ra arte egongo da indarrean, eta, parte hartzaileen artean, hurrengo egunean, Neskato Errebeldeentzako Neska Onen ipuinak liburuaren ale batzuk zozketatuko dituzte.