Orain gutxi, Berango Lurraren Defentsan taldeak ohartarazi zuen Arana inguruan hainbat urte zituzten haritzak mozten ari zirela, eta, Udalaren jokabidea gaitzesteaz gainera, adierazi zuen babestu beharreko gune naturala dela hori. Esperokoa zen ekintza izan da hori; izan ere, Gune talde ekologistak zuhaitz-mozketa geldiarazteko helegitea aurkeztu zuen iaz –onartu ez zena–; horretan, ekologistek deitoratzen zuten 30 eta 60 urte arteko zuhaitz autoktono horiek moztea "bidegabea dela, duten balio handiagatik".
Kexa horien aurrean, baina, Berangoko alkate Anabel Landak argitu gura izan du "egin beharreko" ekintza izan dela hori, bertan babes ofizialeko 40 etxebizitzak eraikitzeko lanak abian jartzeko. Talde ekologistak, bere aldetik, uste du erabaki horrek ez dituela betetzen Udaleko arlo-teknikoak zuhaitz autoktonoei buruz emandako jarraibideak. Izan ere, taldearen arabera, garapen maila jakin bat duten zuhaitzak –kasu honetakoak barne– lekuan mantendu beharko lirateke, "baita eraikuntza-lanak egin ostean ere". Hori ezinezkoa denean, lekuz aldatu beharko liratekeela gaineratu dute. Era berean, ekologistek salatu dute esku-hartze hori ez datorrela bat Berangoko Udalak onartutako Larrialdi Klimatikoaren adierazpen instituzionalagaz.
Alkateak, aldiz, azpimarratu du enpresak baimen guztiak zituela bederatzi zuhaitz horiek mozteko, eta "pena handiz" hartu dutela erabakia. Izan ere, agindua eman aurretik, udalerriko lorategiak kudeatzen dituen enpresako adituak kontsultatu zituztela jakinarazi du: "Horiek ondorioztatu zuten, zuhaitzak lekuz aldatu arren, ezin zitezkeela horien biziraupena ziurtatu, eta hobe zela beste batzuk landatzea". Hala, ahalik eta zuhaitz gehien babesten saiatu direla azaldu, eta, etorkizunean, inguruan botatakoak baino gehiago landatuko dituztela iragarri du alkateak.