Berangoko hirigintza-ereduak eztabaida piztu du udalerrian

Iker Rincon Moreno 2021ko mar. 31a, 15:04

Berango udalerria.

Eusko Jaurlaritzako Udalplan datu-baseko datuen arabera, 2011n onartutako Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) oinarrituta, Berangok 2.658 etxebizitza ditu gaur egun, eta aurreikusita dago beste 2.326 eraikitzea. Udalak zehaztu duenez, eraikitzeke dauden etxebizitzen % 80 babestutakoak izango dira: % 60 BOE, % 20 tasatuak eta % 20 libreak; hala ere, oposizioak deitoratu du bakar bat bera ere ez dela alokairuzkoa izango.

Berango udalerrian etxebizitzak eraikitzeko proiektuek eztabaida eragin dute hainbat sektoretan. 2011n onartutako HAPOan oinarrituta, udalerrian etxebizitza berriak eraikitzeari ekin diote orain gutxi; horien kopurua ia bikoiztea planteatuta dago: gaur egun 2.658 etxebizitza daude, 2020ko Udalplan datu-baseko datuen arabera, eta aurreikusita dago beste 2.326 eraikitzea –1.658 BPE erregimenean–, 4.984ko kopurura heldu arte. Orain arteko azkenak Etxebarri eta Otxabene sektorekoak dira, ia denak BOEak, promozio pribatukoak. Anabel Landa Berangoko alkateak nabarmendu duenez, horiek guztiak lurzoru pribatuetan eraikiko dira, eta lortuko diren etxebizitzak berangoztarrei begirakoak izango dira bereziki; ekainaren 18an zozkatuko diren azkenak Santa Ana auzoko Otxabene inguruko 206ak izango dira, eta udalerriari lotutako 161 lagunek erosi ahal izango dute horietako bat.

Oposizioak (EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE), baita Berango Lurraren Defentsak taldeak ere, deitoratu du orain arte egindako eskaintza guztia salmentazkoa izatea. Joan den otsailaren 25ean egindako osoko bilkuran, eztabaidetako batean, oposizioak nabarmendu zuen daborduko berangoztarrek "asebeteta" dutela babes ofizialeko etxebizitzak erosteko modalitatea, eta mahai-gaineratu zuen alokairu sozialaren eskaintza egitea. Ildo horretan ere, talde ekologistak alokairu sozialeko eta etxerik gabeko pertsonentzako etxebizitzak egin beharko liratekeela aldarrikatu du, "baita udalerriko etxebizitza-eskariaren eta etxebizitza hutsen erroldaren azterketa serioa egitea ere". Horren harira, Berangoko alkateak azaldu du Udalak aurreikusita duela alokairuzko etxebizitzak egitea: "Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan gaude ikusteko zein den biderik egokiena horiek egiteko". Hala ere, azpimarratu du gaur egun Udalak ez duela "behar besteko indar ekonomikorik ezta administratiborik" bere kabuz horiei aurre egiteko, eta, nabarmendu duenez, aukeretako bat litzateke Eusko Jaurlaritzari lur-eremu bat ematea etxebizitza sozialak egin ditzan. Hala ere, azpimarratu du, kasu horretan, ez dagoela ziurtatzerik etxebizitza berri horiek berangoztarrentzat gordetzea.

"Etxebarri eta Otxabenen eraikiko diren babes ofizialeko etxebizitzekin asebeteta egongo litzateke berangoztarrek duten erosketarako eskaera. Alokairu sozialeko eskaintza egin behar da orain"

Berangoko EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos

Dena dela, Anabel Landa alkateak nabarmendu du gaur egun Udalak ez duela ondare askorik alokairuzko etxebizitza sozial horiek egin ahal izateko: "Lantzarteko landa eta Infernueta mendiko 10.000 metro koadro ditugu soilik, beraz, ez dugu ezer eraikitzeko. Udalerriko gainontzeko eremu berdeak jabetza pribatukoak dira". Egia dena da Etxebarri eta Otxabeneko promozioak egin ahal izateko, kudeaketaren truke, hainbat partzela egokitu zaizkiola Udalari, plusbalio edo aprobetxamendu urbanistikoagatik. Lehenengo prozesuaren ondoren, Udalak partzela bat eta dirua jaso du. Landak zehaztu duenez, diru hori udalerriko bideak konpontzera bideratuko dute; partzela, berriz, salgai jarriko dute, eta lortuko duten dirua Kurtze auzoa konpontzeko eta kiroldegia handitzeko proiektuetarako erabiliko dutela zehaztu du, besteak beste. "Dena dela, gune horretan eraikiko diren etxebizitzak ere BOEak izango dira, legeak hala bermatzen duenez".

Otxabeneko plusbalioaren ondorioz, aldiz, partzela bi jaso ditu Udalak. Horietako baten permuta egin du daborduko Inmogroup Grupo Promociones Inmobiliarias S.A. enpresagaz Moreaga parkean dagoen Icaza jauregiaren eta ondoko eraikinaren jabetza eskuratzeko; bestea, momentuz, gordeko dutela azaldu du Landak, "baina, seguruenik, hori ere salduko dugu". Izan ere, dioenez, udalerriak hainbat beharrizan ditu gaur egun, eta, lortutako diru horregaz, horiek asetzen saiatuko direla nabarmendu du.

Herriko ondarearen kudeaketa

Etxebarri sektorean Udalari egokitu zaion partzela besterentzako proposamena egiterako orduan, otsaileko osoko bilkuran, eztabaida piztu zen. Horretan, alkateak jakinarazi zuen lurzoru horren salmentaren ondorioz lortutako diruagaz orain dauden azpiegiturak eta ekipamenduak hobetu gura direla, baita inbertsioak egin ere, "beste modu batera egitea zaila izango litzatekeelako". Horri erantzunez, EH Bilduko bozeramaileak gogoratu zuen partzela horretan berangoztarrentzako BOEak eraikiko direla baita ere, eta "oso ondo" ikusten duela babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzea, "baina alokairuan izan behar direla". Izan ere, defendatu duenez, une honetan, Etxebarri eta Otxabenen egindako BOEakaz "aseta" egongo lirateke berangoztarren eskaerak: "Gaur egun salgai dauden BOEek asebete egin dute beren udalerrian erosi ezin izan duten belaunaldi baten edo biren benetako eskaria, etxebizitzen prezioak neurriz kanpokoak direlako".

"Eraikuntza-prozesuon aurretik, Udalak ez zuen ondare askorik, eta, horiei esker, herritarren erabilerarako hainbat gune aske eta lokalak lortuko ditugu"

Anabel Landa Berangoko alkatea

Ildo horretan ere, PSE-EEko bozeramaileak mahai-gaineratu zuen BOE bat erosteko esleipenduna izateko baldintzak betetzen zituzten interesatuek etxebizitzetako bat eskuratu ahal izan dutela orain arteko promozioakaz. Hortaz, bere arabera, "gaur egun ez dago modalitate horretarako eskaririk, eta, beraz, agian beste salmenta- edo alokairu-modalitate batzuk planteatu beharko lirateke". Era berean, gaineratu zuen interesgarria litzatekeela hausnarketa egitea, "bestela, herriaren ondarea murriztu egingo da Berangotik kanpoko pertsonen alde eginez". Elkarrekin Berango taldea ere horren ildo bereko ikuspuntua azaldu zuen eztabaidan.

Udalerriko ondarearen kudeaketaren harira, Anabel Landak nabarmendu du eraikuntza-prozesuon aurretik Udalak ez duela ondare askorik izan, eta, horiei esker, herritarren erabilera librerako hainbat gune aske eta lokalak lortuko dituela. Berbarako, Etxebarrin, 37.000 metro koadro eremu libre izango dute, baita 300 metro koadro ere udal-lokalak egiteko eraikinen beheko sotoetan. Otxabenen, aldiz, 40.202 metro koadro lortuko dira eremu libre gisa, beste 4.370 metro koadro ekipamendu ludiko-kulturalentzat eta Lipperheide familiaren eraikina gune kultural gisa erabili ahal izateko. "Orain arte eremu pribatuak ziren guneetan herriarentzako gune askeak lortu ditugu", azpimarratu du alkateak.

Joan den zapatuko manifestazioa. © BERANGO LURRAREN DEFENTSAN

"Espekulazioaren kontra", manifestazioa

Joan den zapatuan, martxoaren 27an, 200 pertsona baino gehiago mobilizatu zen Berangon Udalaren hirigintza-proiektuaren aurka egiteko. "Lur barik, arnasik ez" lelopean, manifestaziora batutakoek naturaren eta nekazaritzaren aurkako "eraso zuzena" salatu zuten. Haien iritziz, aurreikusitako eraikuntza-prozesuen ondorioz, udalerriko 40 hektarea berdegune desagertuko dira. Besteak beste, nabarmendu dute lanon eraginez Aranako haritzak, Santa Anako arteak eta Itze ibaitik gertu dagoen hezegunea hondatuko direla. Horren aurrean, Anabel Landa alkateak azpimarratu du lurrok jabetza pribatukoak izan direla beti, horietan ez dela inolako nekazaritza-esplotaziorik egon inoiz eta horietan eraikitzen ari direla, plangintza urbanistiko logikoak hala agintzen duelako, "olio-orban gisako hazkundea egiten ari gara". Gogoratu du Berango oso handia dela, eta hurrengo galdera egin du: "Eraikiko diren berdeguneak dira udalerriko bakarrak? Benetan akabatuko ditugu Berangoko berdeguneak? Non jarri behar diogu muga hazkundeari?".

"Herriko jende askok ezin du 200.000 euroko etxebizitza erosi. Zentzugabea da pentsatzea etxebizitza-politika hauek asmo soziala dutela, eta ez espekulatiboa"

Berango Lurraren Defentsa taldea

Manifestazioan, era berean, eraikiko diren BOE guztien salmenta-izaera deitoratu zuten, berangoztar askok horiek ordaintzeko aukerarik izango ez dutelakoan: "Herriko jende askok ezin du 200.000 euroko etxebizitza erosi. Zentzugabea da pentsatzea etxebizitza-politika hauek asmo soziala dutela, eta ez espekulatiboa", salatu zuten manifestariek.

Bere aldetik, alkateak gogoratu du urte luzean ez dela BOErik egin herrian, "orain 10 urte egin ziren azkenengoak, eta oso gutxi". Hortaz, orain egiten ari direnak, eta egingo direnak, aldiz, herriaren eskaerari erantzuna eman ahal izango diotelakoan dago, nahiz eta oposizioaren gehiengoak uste duen horiek daborduko asebeteta daudela. Alkatearen arabera, zenbat eta promozio gehiago egin, orduan eta eremu zabalagoa izango dute auzotarrek etxebizitza horietakoren bat eskuratzeko, "orain artekoetan batzuek baldintzak betetzen ez zituztelako; baina, hurrengoetan, baliteke horiek betetzea". Horrez gainera, BOE asko eginda ere, inguruko etxebizitzen prezioek behera egitea eragingo dutelakoan dago udal-agintaria, "eskaera eta demandaren arabera, etxebizitzak ere prezioz bajatuko dira".

"BOE asko eraikitzearekin batera, eskaera eta demandaren arabera, etxebizitzak ere prezioz bajatuko dira, herritarren mesederako"

Anabel Landa Berangoko alkatea

Legeari dagokionez, Berango Lurraren Defentsan taldeak salatu du Eusko Jaurlaritzak 2019an onartutako Lurralde Antolamenduaren Gidalerroek ez dutela uzten Berangon hainbeste etxebizitza eraikitzen. Horrez gainera, manifestariek adierazi dute Bilbo Metropolitarreko Lurralde Plan Partzial berria idatzi duten teknikariek euren txostenetan adierazi dutela ezin dela Otxabenen eta Otxandategin eraiki, "hirigunetik urrun dagoelako". Bere aldetik, Anabel Landak defendatu du gaur egungo araudi osoa bermatuta dagoela eraikitze horiek egiteko, "espedienteak hor daude, nahi duenak ikus ditzake". Horrez gainera, gogoratu du etxebizitzok 2011ko HAPOan aurreikusita egon direla, eta ordutik jakina zela non eta nola eraikiko zen. "Parte-hartze prozesua egon zen ere bere garaian; zergatik itxaron dute orain arte honetaz guztiaz kexatzeko? Beti indarrean egon den legediaren arabera jokatu dugu".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun