Berangoko Arana inguruan tamaina handiko 9 haritz moztu zituzten joan den apirilean; ekintza horrek herritarren eta hainbat talde ekologistaren ezinegona eragin zuen. Horren aurrean, baina, Anabel Landa alkateak azaldu zuen enpresa eraikitzaileak baimena zuela horiek mozteko, eta iragarri zuen "moztutako zuhaitzak baino gehiago" landatuko dituztela inguruan. Hala ere, jarduketa horren aurrean, gaia maiatzaren 25eko osoko bilkuran eztabaidatzeko mozioa aurkeztuko du EQUO Berdeak taldeak. "Horren bitartez, Udalbatzari eskatu nahi diogu udalerriko lurretan kokatutako edozein zuhaitz autoktonoren mozketaren aurkako jarrera har dezala", azaldu dute arduradunek.
Legegintzaldi honetan EQUO Berdeak ordezkatzen duen Elkarrekin koalizioko zinegotzi Koldo Martínezek defendatuko du ekimena, joan den urtarrilean Mungiako Udalean Butroi Bizirik kolektiboaren ekimenez onartu zen beste ekimen baten ildo beretik. Izan ere, alderdi ekologistakoek deitoratu dutenez, "Berangon eta inguruetan hirigintzaren alorrean egindako esku-hartze guztietan azpiegiturei eta adreiluari lehentasuna ematen zaie beti, zuhaitzen eta ingurumenaren babesaren gainetik". Horren ondorioz, salatu dute eremuko natura- eta paisaia-balio handia "alferrik" xahutuko dela azkenean, berotze globalaren ondorioak arintzeko funtsezkoa den arren. "Klima-larrialdiko egoera batean murgilduta gaudenez, ahalik eta zuhaitz-masarik handienaren kontserbazioa bermatu behar dugu, areago kontuan hartzen badugu zuhaitz heldu eta autoktonoek Berangoko eta Uribe-Kosta osoko ondare natural eta kulturalean duten garrantzia", azpimarratu du Joserra Becerra Berdeak alderdiko bozeramaileordeak.
Azaldutakoaren arabera, mozioan hurrengoa eskatu gura diote gobernu-taldeari: hirigintzako plan eta proiektu guztiak diseinatu eta egikaritzeko lehendik dauden zuhaitz-masa autoktonoak errespetatzea exijitu dezala. Horretarako, berdeek planteatu dute, aldez aurretik, udalerriko hiri-zoru urbanizagarrian dauden zuhaitz-masa autoktonoen inbentario bat egitea. Era berean, doan eta modu errazean, zuhaitz autoktonoak landatzeko egokienak diren udal-titulartasuneko lurrak eskatzaileen eskura jartzea eskatu gura diote Udalari, "udalerriko landa-eremuan zein hiri-ingurunean, eta, hiri-zuhaitzak kudeatzeko protokoloetan, zuhaitz autoktonoak lehentasunez kontserbatzeko irizpideak txertatuta".