Nolakoa da Sardinera ipuin ilustratua?
Irakurketa desberdinak izan ditzake: alde batetik, Joxepak pertsonaiak bere amarekin eta portuarekin duen harremana eta bat-batean itsasoa ezagutzeko sentitzen duen desira; gero, beste irakurketa sakonago bat izan dezake, berak egiten duen bidaiaz, eta horrek berarentzako eta bere familiarentzako zer suposatzen duen.
Nolakoa izan da dokumentazio prozesua?
Nire lehendabiziko abiapuntua zenbait liburu izan ziren, besteak beste, Monologos de una sardinera santurzana, eta, horretaz gain, Santurtziko Itsas Museoan ere egon nintzen, sardina-saltzaileei buruzko atal polita baitago bertan; Eulalia Abaitua argazkilariaren irudiek ere asko lagundu didate. Blog batean informazioa aurkitu nuen, eta hor Plentziako sardinera batzuk ere aurkitu ditut, gero liburuan sartu ditudanak; izan ere, sardinerak portu guztietan zeuden, eta herri batetik bestera ibiltzen ziren.
Nolakoa izan da Kike Infame ilustratzaileagaz lan egitea?
Oso bitxia izan da, ez genuelako elkar ezagutu aurkezpenaren egunera arte. Testua egiteko eskatu zidaten, eta, gero, berari eman zioten ilustratzeko. Orduan, oso hunkigarria izan da bueltan jaso dudanean, irudiak nik pentsatu nituen modukoak direlako, benetan zoragarriak. Pentsatutako istorioa, lekuak eta pertsonaiak horrela plasmatuta ikustea oso ederra da.
Nola hasi zinen idazten?
50 urteak pasata nituela hasi nintzen idazten; artean, ez nuen ezer idatzi. Hala, kontakizunak idazteari ekin nion, eta, denborarekin, horiek luzatzen joan naiz. Orain arte, beste idazle batzuekin, lortutako accesit batzuei eta jasotako sariren bati esker argitaratu ditut idatzitako lanak.
Zer kontatu ahal diguzu Abusu auzo irakurlea proiektuaz?
Hamalau urte daramagu horrekin lanean, eta bere helburua da Bilboko auzo horretako eragile guztiak inplikatzea, irakurketa sustatze aldera. Urtean zehar, hezkuntza zentroek eta liburutegiek programa ezberdinak egiten ditugu, besteak beste, Kultura Astea eta Liburu Azoka. Gure helburua da irakurzaletasuna zabaltzea.
Liburuzainaren lana irakurketa sustatzea ere dela uste duzu?
Liburuzaina hitza ez zait gustatzen, ezta liburutegia ere; guk biblioteka deitzen diogu eta bibliotekariak gara. Aspalditik elkarguneak bihurtu dira bibliotekak, nahiz eta askok oraindik pentsatu isilik egon behar den leku zurruna dela; oso bestelakoak dira. Jendea bertan elkartzen da, eta liburutegiak gaur egun dinamizatuta daude, umeentzako eta nagusientzako hainbat ekintzekin. Beti gabiltza gauzak asmatzen eta baita liburutegiak kalera ateratzen. Gure asmoa da irakurzaletasuna gune guztietara zabaltzea.