Elkarrizketak

"Berangoko eskola beti eramango dugu bihotzean"

Julen Nafarrate 2021ko uzt. 22a, 10:30

Andone Atxa, Marga Agundez eta Paki Carmona, irakasle ohiak.

Ekainean erretiroa hartu zuten Marga Agundez, Andone Atxa eta Paki Carmona irakasleek, Berangoko eskolan 35 urtez lan egin ostean.

Asko aldatu da Berangoko Santa Ana auzoa azken 35 urteetan. Landa eta baserriak zeuden lekuan, txaletak agertu dira orain. Eta Santa Anako eskolaren ordez, Antzokia eta Kultur Etxea. Aldaketa horren lekuko izan dira Paki Carmona, Marga Agundez eta Andone Atxa irakasleak.

1986. urtean hasi ziren bertan lanean, D eredua Berangon sortzeagaz batera: "Erronka handia izan zen. Eskola txikia zen, eta dena egiten genuen denon artean". Euskarari bultzada ematea izan zen euren lehentasuna garai horretan: "Ez zegoen materialik, guk marrazten genituen ipuinak, plastifikatu...". Baldintza eskasak izan arren, oso oroitzapen onak gordetzen dituzte hirurek: "Oso harreman estua genuen inguruko baserritarrekin, masustak eta pikuak ekartzen zizkiguten. Eta Angelita garbitzaileak asteazkenean palomitak denontzat!".

Berangoko Santa Anako eskola itxi zen arren, orduko hurbiltasunari eusten saiatu dira hiru irakasleak Berangoko eskolan: "Orain, eskolak emateko modua aldatu egin da, teknologia dela eta batez ere. Baina mantentzen dugu afektibitatea, umeekiko errespetua... Hori ez da aldatu". Eta, orain, erretiroa! Zer egiteko asmorik? Ez dago erantzun bateraturik: "Plan berezirik ez", "zeozer ikasi agian", "ordutegirik gabeko bizitza"... Baina guzti-guztiek argi dutena, hauxe da: "Berangoko eskola beti eramango dugu bihotzean".

Elkarrekin hasi zuten ibilbidea, eta elkarrekin amaituko dute hiru irakasleek: "Ekain osoa eman dugu erdi negarrez". Osasun-krisiaren eraginez, ez dute ganoraz ikasturtea amaitzeko aukerarik izan: "Bagoaz agurtu gabe". Eurentzat, azken Korrikan jaso zuten merezitako agurra, ikasle ohiek pankarta bat egin zietenean honako mezuagaz: "Zuei esker euskaldunak gara". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun