Berangoko Udalbatzak 2022rako 9,3 milioi euroko aurrekontua onartu zuen atzo, abenduaren 21ean; horretarako, EAJk bere gehiengo osoa baliatu zuen, zazpi zinegotzi baititu. Oposizioko alderdiei dagokienez, PPko zinegotziak aurrekontuen alde bozkatu zuen, Elkarrekin Podemoseko zinegotzia abstenitu egin zen, eta EH Bilduko hiru zinegotziek eta PSE-EEkoak aurka bozkatu zuten, bestelako azalpenik eman gabe. Anabel Landa Berangoko alkateak adierazi duenez, "deigarria da inolako zuzenketa edo iruzkinik egin gabe aurka bozkatzea".
Aurreko ekitaldian baino aurrekontu txikiagoa izan arren, iazko diru-partidak (11 milioi euro inguru) 2021a hasita zegoela onartu zituztela gogoratu du alkateak, beraz, globalean, gerakina ere sartu zuten. Gainera, aurten, kreditua aldatzeko espedientearen emariari esker, milioi bat euro aurreztu ahalko dituztela azaldu du, eta 1,6 milioi euro inguru ere lortu dituzte lursail bat besterentzeagatik; beraz, inbertsioetara bideratzeko 2,6 milioi euro inguruko soberakina izango du Udalak aurten.
Soberakin horregaz, alde batetik, Karabiganeko arrapala mekanikoa egin ahal izango dute; bestalde, udaletxearen ondoko Elexalde eraikina desjabetuko dute 500.000 eurogatik, "aurreikusita zegoen hori egitea, eta Udalaren erabilerarako bideratuko dugu, bertan, Udaltzaingoaren bulegoak jartzeko asmoa baitugu"; gainera, kanposantua ere zaharberrituko dute: horma-hobiak, kolunbarioa eta memoriaren zuhaitza jarriko dute, besteak beste; eta, azkenik, futbol-zelaiko belardi artifiziala berrizteko 250.000 euro bideratuko dituzte.
Aurrekontu orokorrak
Gainontzeko aurrekontuari dagokionez, zatirik handiena gastu arruntera bideratuko dute; izan ere, ia 5 milioi euro beharko dituzte Udalak ematen dituen zerbitzuak ordaintzeko, hala nola argiteria publikoa edo kale-garbiketa. Horretaz gain, Berangoko Udaltzaingoa handitzeko ahaleginetan jarraitzen dutela dio alkateak, eta gaur egun dauden sei agenteetatik 10 agenteetara pasatu gura dutela dio, "aste-akabuetan ere lanean egongo diren agenteak ere egon daitezen".
Horretaz gain, 2022an kirol-instalazioen hedapenagaz jarraitu, udalerriko argiteria-publikoa hobetu eta Kurtzeko konponketa-lanakaz jarraituko dute. Gainera, Berango Sopelagaz elkartzen duen bidegorria eraikitzeko asmoa dute ere, eta udaletxean plaka fotovoltaikoak jarriko dituzte, besteak beste.