Aurrekontu parte-hartzaileei esker, Berangoko Udalak herritarrek proposatutako hainbat jarduera sartu ahal izan dituzte 2022ko aurrekontuetan. Anabel Landa Berangoko alkateak HIRUKAri azaldu dionez, prozesu horren bitartez hainbat ekarpen jaso eta herritarrek aukeratzeko bost proiektu sortu dituzte: "Ekarpen batzuk herritarrek aukeratzeko proiektu moduan aurkeztu ditugu, baina beste hainbat aurrekontu orokorretan ere sartu ditugu. Gainera, prozesu horren bitartez, guretzat oso baliagarria den informazioa ematen digute herritarrek".
Aurtengo aurrekontu parte-hartzaileen planteamendua ezberdina izan dela dio Anabel Landa Berangoko alkateak, urteakaz, prozesua zelan egin ikasten joan baitira: "Lehen, aukeratutako ekarpenen arabera bideratzen genuen dirua, aldiz, aurten, egitasmo horretarako 110.000 euro gorde ditugu".
Uztailean gauzatu zen prozesuaren lehen fasean, 171 galdetegi eta askotariko 336 ekarpen jaso zituzten. Bigarren fasean, Udalak bost proiektu planteatu ditu, eta 153 parte-hartzaileek hauek aukeratu dituzte: Lehenik, Moreaga parkean eta txakurren aisialdirako gunean argiteria hobetzea; bigarrenez, Skate-parkea egokitzea eta hobetzea bowl, slappys eta banks batzuekaz; eta, hirugarrenez, Kurtzen ping-pong mahaia instalatzea eta udalerriko hainbat tokitan bizikletak aparkatzeko lekuak eta txakurren gorotzak batzeko zakarrontziak jartzea. Guztira, proiektu horien kostua 65.920 eurokoa da.
Laugarren postuan geratu da Arebetas eremuan, Gobela ibaiaren ibilguaren parean, baratze ekologikoak egiteko egitasmoa. Proiektuak 80.000 euroko aurrekontua zeukan, eta, prozesu parte-hartzailetik geratzen den dirua nahikoa ez denez, aurrekontu orokorretatik partida bat bideratuko dute horretara. "Urtez urte azaldu den eskaria da baratzeena; horregatik, aurten, hori ere egitea erabaki dugu. Hala ere, ez dugu edozelan egin gura, arautua egongo da, eta, horretarako, Iurreta edo Elorrio bezalako ereduetan erreparatu dugu", adierazi du alkateak. Kanpoan geratu den bosgarren proiektuak udalerrian trafikoa baretzeko seinaleztapen horizontala jartzea proposatzen zuen.
Umeen ekarpenak
Aurten, berritasun gisa, umeen ekarpenak jasotzeko Berangoko udalekuetara ere eraman dute aurrekontu parte-hartzaileen lehen fasea. Bertan, 8 eta 11 urte bitarteko berangoztarrek udalerria hobetzeko beraien proposamenak egin ahal izan dituzte. "Heziketa kontu bat da, ez baikaude parte-hartzera ohituta, eta, horregatik, dinamika hori abiatu dugu umeakaz", azaldu du Landak.
Umeek egindako ekarpenetatik, hiru zuzenean sartu dituzte aurrekontuetan: daborduko jartzeko dagoen tirolina bat, Otxabenen jarriko duten pumptruck pista eta ludotekan bideokontsola bat. "Beraiek ere instituzioetan eragina izan dezaketela ikusarazi nahi izan diegu", azaldu du Landak.