Espainiar Estatuko espetxeetan 18 urte eta erdi preso egon ostean, martxoaren 13an aske gelditu zen Ibai Aginaga berangoztarra. Hori horrela, auzokide horri harrera egiteko ekimena egin zuten egun horretan bertan dozenaka lagunek Berangoko frontoian. Berriozarren (Nafarroa) atxilotu zuen Espainiako Poliziak Aginaga, 2003an, ETAko "Nafarroa komando"-ko kidea izatea egotzita. Aurretik, baina, kale borrokari lotutako akusazioengatik ere atxilotua eta espetxeratua izan zen; hala, guztira, 21 urte egon da preso. Hasiera batean, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) kidea izan zen berangoztarra, baina, duela zenbait urte, kolektiboa uzteko erabakia hartu zuen.
Gatibualdi horren amaiera ospatzeko, harrera beroa egin zioten auzokide berangoztarrari udalerriko frontoian. Ekitaldi horrek, baina, hainbat sektoreko kexak eragin ditu, eta Dignidad y Justicia elkarteak domekarako aurreikusitako ekimena debekatzeko eskatu zuen joan den barikuan, hilaren 11n, Espainiako Audientzia Nazionalean. Horren aurrean, Berangoko Udalak adierazpen instituzional bat kaleratu berri du esateko ez duela ekitaldi politikorik baimendu udal-pilotalekuan, erregelamendu arautzaileek ez dituelako baimentzen halako erabilerak. Azaldu duenez, Kandaru kultur elkarteak egin zuen eskaera, bertso-saio bat eta bazkari bat egiteko; hala, nabarmendu du juridikoki ez dela onargarria eskaera bat ukatzea, "suposizio, uste edo hipotesi subjektiboetan oinarrituta, arbitrariotasunez jokatzen delako".
Udalak gogoratu duenez, udal-pilotalekua eskatu duen elkarteak bere gain hartu zuen egintzan zehar "gertatzen diren ez‐betetze guztien erantzukizuna", eta horiek, administratiboak izanik, zehapen batzuk ekartzen dituela azpimarratu du Udalak, "ekonomikoak ez ezik, udal-lokalak erabili ezin izatea ere eragiten dutenak. Berangoko Udalak zehapen espedientea ireki du".
Azkenik, Udalak azpimarratu du Espainiako Auzitegi Nazionalak emandako autoaren berri izan duela, eta haren xedapen-zatiak diola ez dela bidezkoa martxoaren 13an Ibai Aginagari egindako ongietorri-ekitaldia debekatzea.