Alconzako langileak borrokan

Joan den asteleheneko 25 kaleratzeak bertan behera gelditzea eskatu dute Alconzako grebalariek

Hodei Torres · Iker Rincon Moreno 2022ko api. 11a, 10:44

Irizar Taldeak duela astebete kaleratutako 25 pertsonak laneratu arte greban jarraituko dutela ohartarazi dute Alconzako langileek. Joan den otsailaren 28an abiatu zuten greba mugagabea, euren lanpostuen eta Alconzako lantegiaren etorkizunaren defentsan. Eguazten honetan, hilaren 13an, elkartasun jaialdia egingo dute Berangoko frontoian.

Barikuan, hilaren 8an, 40 egun igaro ziren Alconzako makinak itzali eta greba mugagabeari ekin ziotenetik. Egun horretan, prentsaurrekoa eta manifestazioa egin zuten esateko ez dituztela onartuko Alconza-Irizar enpresak iragan astelehenean egikarituko 25 kaleratzeak, eta iragarri zuten borrokan jarraituko zutela Berangoko lantegiaren enpleguaren eta etorkizunaren alde.

Manifestazioaren amaieran, langileen bozeramaileetako batek azpimarratu zuen kaleratutakoak laneratu arte, gutxienez, greban jarraituko dutela, eta salatu zuen Irizar Taldeko zuzendaritzak ez duela "inoiz" negoziatzeko asmorik izan, "enpresaren egoera haien erantzukizuna denean". Era berean, hilabeteotan izandako herriaren babesa eskertu eta eguaztenean, apirilaren 13an, Berangoko frontoian izango den elkartasun jaialdian parte hartzeko deia egin zuen.

Elkartasun jaialdia

Greba mugagabea abiatu zutenetik hilabete eta erdi igaro dela eta, borrokari zabalkundea emateko musika jaialdia egingo dute etzi, eguaztenean. Berangoko frontoian jarri dute hitzordua, 19:30ean, eta bertan arituko dira Zetalau, Orreaga 778 eta Nazka musika-taldeak. Sarreraren prezioa 5 eurokoa izango da.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun