Alconzako langileak borrokan

Alconzako 25 langile kaleratu ditu Irizar Taldeak

Iker Rincon Moreno 2022ko api. 5a, 18:53

Irizar Taldeak Berangoko Alconza lantegiko 25 behargin kaleratu zituen astelehenean, apirilaren 4an, enpresa-batzordeak jakinarazi duenez. Horren aurrean, salatu du enpresaren zuzendaritzak ez duela "inolako konpromisorik" lanpostuakaz. Hala, "erabaki bidegabe eta arbitrario horri erantzuteko", manifestazioa egingo dute barikuan, hilaren 8an, 19:00etan, Berangoko metro-geltokitik abiatuta.

Berangoko lantegiko beharginen % 40 kaleratu gura ditu Alconza Irizar Group enpresak; izan ere, 38 pertsona kalean uztea aurreikusten duen enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) aurkeztu du zuzendaritzak. Horren aurrean, langileek greba mugagabea abiatu zuten joan den otsailaren 28an eta, egunotan, hainbat ekimen burutu dituzte.

Langileek gogoratu zutenez, garrantzi handiko enpresa da Alconza Berangon, urte askoan udalerriko eta inguruetako herritarrak bertan lan egin eta lan egiten dutelako. Hala, behin baino gehiagotan azpimarratu dute orain martxan jarritako borrokak "etorkizuneko enplegua" ekarriko duela.

Halaber, Berangoko lantegia erosi zuen Irizar Taldearen jokabidea gogor salatu dute uneoro langileek, eta lanpostuen % 100 bermatuko duen plan-industriala ezar dezala exijitu diote greban egon diren bitartean. Are gehiago, azpimarratu dute zortzi urteotan Alconzako kutxan zegoen dibidenduak banatu ondoren, zuzendaritzak proposatutako "berrabiarazte-plana" 38 pertsona kaleratzean oinarritzea ez dela zilegizkoa: "Aurkeztutako irtenbidea ezin da oinarritu lanpostuen suntsipenean. Plan-industrial on bat produkzioan eta pertsonalean zein medioetan oinarritzean datza. Hori barik, ezerk ez du funtzionatuko, eta itxierara eramango gaitu".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun