Alconzako langileak borrokan

Ertzaintza sindikatuaren eta langileen kontrako tresna moduan ez erabiltzeko exijitu dio LAB sindikatuak Eusko Jaurlaritzari

Erredakzioa 2022ko api. 27a, 16:03

Aritz Azkona LAB sindikatuko kidea, atxikita gaur goizean.

LAB sindikatuko eskumaldeko Industria arduradun Aritz Azkona Dominguez jipoitu eta erretenitu du Ertzaintzak gaur goizean. Bere sindikatukoek gogoratu dutenez, Azkonak egin duen bakarra Irizar Group Taldekoa den Berangoko Alconza enpresan greban dauden langileakaz batera kontzentrazio batean parte hartzea izan da. Jasotako kolpeen ondorioz ospitalera joan behar izan du.

"Ertzainek gogor jipoitu eta erretenitu dute, eta gerora aske utzi duten arren, auzibidea irekitzeko mehatxua egin diote", azaldu du ohar baten bidez LAB sindikatuak; "zorionez, ikusi ahal izan diren irudiek argi erakusten dute erasotzaile bakarrak ertzainak izan direla, eta, izatekotan, hauek izan beharko luketela epaituak", ondorioztatu dute.

Alconzako langileek 59 egun bete dituzte gaur greban. Aste honetan, baina, enpresak produkzioari berrekin gura izan dio, eta, astelehenetik hasita, Ertzaintza behin baino gehiagotan oldartu da grebalarien eta horiei elkartasuna adieraztera joan diren herritarren aurka, gaur goizeko kasuan bezalaxe.

LAB sindikatuarentzat ez da zorizkoa Azkonari emandako jipoia eta Ertzaintza lan gatazketan edukitzen ari den jarrera: "Eusko Jaurlaritza, lan gatazketan enpresarien alde lerratzea nahikoa ez dela konturatu da. Izan ere, Tubacex edo PCB moduko lan gatazketan, kaleratzeak publikoki babestu dituzten arren, langileek ez dute etsi eta borrokan jarraitu dute.Hortaz,Jaurlaritzak erabaki du lan gatazketan polizia erabiltzea langileen kontra".

Jakinarazi dutenez, sindikatuko kideen kontrako isun, mehatxu eta jipoiak ugariak izaten ari dira lan gatazketan; "funtsezko eskubideak urratzen ari zaizkie". Ildo horretan, borrokan diren langileei elkartasuna adierazteaz gain, Azkonaren kontrakoa erasoa ikertu eta bere kontra auzibiderik ez irekitzea exijitu dute LAB sindikatukoek: "Ertzaintza LABen eta langileen kontrako tresna moduan ez erabiltzeko exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun