"Hirugarren eta laugarren urteurrenak bertan behera gelditu ondoren, hau buelta mundiala izango da", ohartarazi dute Berango Kantari egitasmoko lagunek. Izan ere, COVID-19ak herri-jai hori egitea galarazi ondoren, inoiz baino gogo gehiagogaz helduko diote ekimenari zapatu honetan. Egun osoko egitaraua prestatu dute, 12:30etik aurrera.
Gogoratu dutenez, 2017ko martxoan sortu zuten Berangoko eta inguruko hainbat auzokidek Berango Kantari, kalean abesteko ohitura berreskuratzeko asmoz. Halere, pandemiak eraginda, ibilbide hori behin-behinean etenda gelditu da, orain sei hilabete kalera atera eta kantuari ekin zioten arte. Ordutik, hileko azken aste-akabuan elkartzen dira, eta edonor gonbidatuta dagoela azpimarratu dute. Bi hilabetez Sabino Arana kalean batzen dira, barikuetan, 20:30etik aurrera; hirugarren hilabetean, aldiz, auzoz auzo ibiltzen dira, Lantzartetik Basotxura, zapatu eguerdietan, 13:00etatik aurrera. Gainera, Santa Ana eta Santo Domingo jaietan programazio berezia antolatu ohi dute.