Alconzako langileak borrokan

Hilabete atzeratu da Alconzako 25 kaleratzeen aurkako epaiketa

Iker Rincon Moreno 2022ko mai. 24a, 11:39

Euren lanpostuak defendatzeko manifestazio jendetsua egin zuten barikuan, Berangon.

Gaur, maiatzak 24, egitekoa zen Berangoko Alconza lantegiko 25 kaleratzeen kontrako epaiketa, Bilbon. CCOO, ELA eta LAB sindikatuek jarri zituzten salaketak, despidoak legez kanpokoak zirela argudiatuta. Hala ere, auzia hilabetez atzeratu egingo da, ekainaren 28ra arte, salaketa guztiak bateratu eta proba eta dokumentazio guztiak eduki arte, Aritz Azkona LAB sindikatuko eskumaldeko Industria arloko arduradunak azaldu duenez.

Urko Herrera langile-batzordeko kideak dioenez, CCOO, ELA eta LAB sindikatuek EAEko Justizia Auzitegi Nagusira eraman zituzten Alconzako 25 kaleratzeak, horiek legez kanpokoak direla argudiatuta. Ildo horretan, sindikatuek azaldu dute Irizar Taldeak ez dituela Langileen Estatutuan eta 1483/2012 Errege Dekretuan ezarritako legezko baldintzak bete.

Salatu dutenez, enpresak ez ditu langileei eragiten dizkieten irizpideak adierazi, eta, horren eraginez, greban ari diren langileak bakarrik kaleratu dituzte, eta ez lanera joaten jarraitzen dutenak. Horren harira, ziurtatu dutenez, Lan Agintaritzak bereziki nabarmendu du aspektu hori enplegu-erregulazioko espedientea izapidetzean egindako nahitaezko txostenean.

Bestalde, deitoratu dute Alconzako zuzendaritzak azaldutako arrazoiek "ez dutela inola ere justifikatzen hartutako neurria", eta salatu dute Irizar Taldeak ez duela "inplikaziorik" Berangoko zentroak izan ditzakeen arazo koiunturalei "irtenbide adostua eta ez traumatikoa" bilatzeko.

Halaber, Eusko Jaurlaritzari lan-gatazkan esku hartzeko eskatu dio langileen enpresa-batzordeak.

Manifestazio jendetsua egin zuten barikuan

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun