Berangoko Alconza enpresako langileek Irizar Taldearen eta erakunde publikoen jarrera salatzeko manifestazioa egin dute gaur, maiatzak 20, Berangon. Bertan, borrokan jarraitzeagatik eskerrak eman dizkiete herritarrei, eskualdeko eragileei eta gaurko mobilizazioen elkartu zaizkien beste lan-gatazka batzuetako kideei: Novaltia, Tubacex, Zuloaga, PCB eta portuko estibatzaileak, besteak beste. Gainera, maiatzaren 16ra arte 22 egun greban egin dituzten Irizar E-mobility enpresako beharginek beraien erresistentzia-kutxa ere eman diete.
Halaber, deitoratu dute beraien egoera "onartezina" dela, horregatik, Irizarri exijitu diote lan-suntsiketa suposatzen ez duen beste konponbide bat bilatzea, eta Alconzaren etorkizuna bermatzen duen industria-plan bat garatzeko. Azpimarratu dute borrokan jarraitzeko prest daudela: "edo guztion sartzen gara edo borrokak jarraituko du".
Horretaz gain, ELA eta LAB sindikatuek azaldu zuten Irizar Taldeak ez dituela Langileen Estatutuan eta 1483/2012 Errege Dekretuan ezarritako legezko baldintzak bete, greban dauden langileak bakarrik kaleratu dituztelako; beraz, maiatzaren 24an, 25 langileren kaleratzea baliogabetzeko epaiketa izango dute.