Atzo, ekainak 20, 113 egun bete zituzten Alconzako grebalariek protestan, "enpleguaren eta fabrikaren etorkizunaren alde". Horregatik, eta kaleratzeen inguruko epaiketa datorren ekainaren 28an izango dela-eta, kanpaldia abiatu zuten atzo Berangoko udaletxearen eta elizaren inguruetan, eguenera arte iraungo duena. Bertan egin zuten agerraldia atzo ere, azpimarratzeko Alconzan ez dagoela inor soberan.
Irizar Taldeko parte den enpresa horrek 25 langile kaleratu zituen apirilean, otsailean iragarritako enplegu-erregulazioko espedientea martxan jarrita. Hala, despido horiek salatzeaz gainera, Alconzakoek baieztatu zuten hori ez dela Berangoko enpresako beharginen kontrako erasoa izan soilik, "baizik eta, denboraren poderioz, enplegua suntsitzen eta industria desegiten ikusten duen eskualde baten kontrakoa".
Ekainaren 20tik 23ra bitartean kanpaldia egingo dute, udaletxearen aurreko zelaian zein elizaren arkupetan.
— Iker Rincon (@irincon_) June 20, 2022
Jendea bertan parte hartzera animatu dituzte. pic.twitter.com/aUFixTmkIu
Ekainaren 28an Bilboko epaitegietan izango duten epaiketaren harira, deitoratu zuten "epaile eta lege bidegabeen" esku egongo dela euren etorkizuna, eta salatu zuten, orokorrean, lan-legeria "enpresen neurrira" eginda dagoela eta, ondorioz, "enplegua suntsitzeari eta prekaritateari estaldura ematen diela".
Hori dela eta, atzoko agerraldian esan zuten ez zutela euren etorkizuna auzitegi batek erabakitzea gura, eta, ildo horretan, berriro eskatu zioten enpresari egoera iraultzeko eta langileakaz esertzeko, "Alconzaren enplegua eta etorkizuna bermatuko duen industria-plan bat adosteko".
Amaitzeko, hilabeteotan guztiotan herritarren eta eragileen babesa eskertu zuten, "bide hau ezinezkoa delako gauzatzea elkarrekin ez bada". Hala, Berangoko eta inguruetako 66 elkarte eta eragileren izenak banan-banan irakurri zituzten, eta herritarrei dei egin zieten atzotik eguenera arte egingo duten kanpaldian parte hartzera. Horrez gainera, ekainaren 28an, epaiketaren egunean, Bilboko epaitegien aurrean egingo duten elkarretaratzearen deialdia iragarri zuten.
— Alconza (@Alconza8) June 20, 2022