Alconzako langileak borrokan

Alconza lantegiaren etorkizuna, borrokan

Iker Rincon Moreno 2022ko eka. 7a, 11:25

Gaur, ekainak 7, 100 egun bete dituzte greban Alconzako grebalariek. Berangoko lantegiko egoera ekonomikoa hobetu guran, Irizar Taldeko zuzendaritzak 25 pertsona kaleratu ditu, eta horiek baliogabetzeko salaketak jarri dituzte sindikatuek. Epaiketa ekainaren 28an izango da, eta ordura arte, gutxienez, grebak jarraituko du.

"Alconzan ez dago inor soberan!". Aldarrikapen horregaz ekin zioten orain dela 100 egun Berangoko lantegi horretako grebalariek protestaldiari. Izan ere, Alconza Irizar Group-eko zuzendaritzak 38 langile kaleratzeko enplegu-erregulazioko espediente (EEE) bat iragarri zuen urtearen hasieran, fabrikako egoera ekonomiko latzari irtenbidea emateko asmoz. Langileek, euren aldetik, uste dute enpresak bizi duen egoera koiunturala dela; hori dela eta, kaleratzeak beharrezkoak ez direla eta industria-plan berria beharrezkoa dela azpimarratu dute behin baino gehiagotan, eta, hori aldarrikatzeko, otsailaren 28an ekin zioten greba mugagabeari. Kaleratze horien ordez, besteak beste, aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat proposatu zioten zuzendaritzari, lantegiaren etorkizuna bermatzeko, lanpostuei eusteko eta langileak aurrez erretiratzeko bermeagaz. Hala ere, Irizar Taldea jabe duen enpresak baztertu zituen aukera horiek; are, beharginek salatu dute zuzendaritzak ez duela "inoiz" negoziatzeko borondaterik agertu. Horren aurrean, bide bakarra borrokatzea zela ondorioztatu zuten grebalariek, eta horretan dihardute lerrook idazteko orduan ere.

Apirilaren 4rako, aurreikusitako kaleratzeak gauzatu zituen Alconza kudeatzeko Norgestion enpresak: azkenean, 25 langile despeditu dituzte, aurreikusitakoa baino 13 gutxiago; tailerreko 21 behargin, eta bulegoko beste lau, grebalariek zehaztu dutenez. Hala ere, horiek guztiak laneratu arte makinak geldirik mantendu eta kalean protestan jarraituko dutela iragarri dute. Era berean, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek kaleratze horiek salatu eta EAEko Auzitegi Nagusira eraman zuten gaia, despidoak "legez kanpokoak direlakoan". Izan ere, horren harira, ELA sindikatuak azaldu duenez, Alconzak ez ditu Langileen Estatutuan eta 1483/2012 Errege Dekretuan ezarritako legezko baldintzak bete kaleratzeak gauzatzerakoan: "Enpresak ez ditu langileei eragiten dizkieten izapideak adierazi, eta, horren eraginez, greban ari diren langileak bakarrik kaleratu dituzte". Ildo horretan, sindikatuak ziurtatu du Lan Agintaritzak bereziki nabarmendu duela puntu hori enplegu-erregulazioko espedientea izapidetzean egindako nahitaezko txostenean.

Maiatzaren 24an jarri zuten data epaiketarako, baina epaileak, azkenean, hiru salaketak batu, dokumentazio guztia bildu eta hilabetez auzia atzeratzea erabaki du, ekainaren 28ra arte, hain zuzen ere. 

Ekainaren 7an, martitzenean, 100 egun bete dituzte langileek greban; egunero, lantegiko atean ibili dira protestan. 

Sektorean erreferente

Berangoko Alconza lantegiak itsas sektorerako sorgailuak eta motorrak diseinatu eta egiten ditu, baita alor hidroelektrikorako eta industrialerako ere. 1961ean ekin zion bideari, motor txikiak egiten; urtez urte, enpresa handitzen joan da, eta 2000ko hamarkadarako, itsasoko motor eta sorgailuetan erreferente izatea lortu zuen. Eskualdean, Uribe Kostan, hamaika izan dira bertan lan egin izan dutenak, "garrantzi handiko enpresa izan da Alconza inguruotan, jende askok lan egin duelako bertan", dio Jon Perez Arrik, Alconzan 14 urtez lan egin duen grebalarietako batek. Gogoratzen duenez, hasieran, 400-600 behargin inguruk lan egiten zuten fabrikan; bera sartu zenean, aldiz, 255 pertsona aritzen ziren bertan. Orain, kaleratzeak gauzatuta, 70 inguru egongo direla deitoratu eta zalantzan jarri du enpresak bere zereginakaz aurrera egiteko gai izango den lan-talde "txiki" horregaz. 

Kooperatibismoan erreferente den Irizar Taldeak 2013an erosi zuen Alconza, Berangoko lantegia hauspotu guran. Ordura arte, berangoztarrek lan handia egin izan dute, eta izugarrizko etekinakaz hasi zuten 2010ko hamarkada. "Alconza momenturik onenean zegoenean erosi zuten", gogoratu du Perez Arrik. Garai haietan, den-dena egiten zuten Berangon, torlojuak izan ezik: "Karkasak, mekanizazioa… Guztia egiten genuen hemen. Horrela, arazoren bat izaten genuenean, ardura hori zuen sekziora joan eta atoan konpontzen genuen". Irizarrek enpresa erosi zuenean, aldiz, kudeatzaile berriek plan berria aurkeztu eta martxan jarri zuen bertan. "Ideia zen pieza guztiak eginda erostea, eta guk berton muntaia bakarrik egitea". Hala ere, beharginek deitoratu dutenez, lan egiteko modu horrek ez du funtzionatu, "ez garelako lehen bezain arinak; arazoren bat izanez gero, pieza bueltatu behar izaten dugu eta, ondorioz, proiektua gelditu hori bueltan izan arte. Ez da batere errentagarria, eta galerak nabariak izan dira. Gainera, urtez urte lortutako izen ona zikindu egin da merkatuan".

Oparoalditik, gainbeherara

Irizarrek Alconza erosi zuenean, ustea zen Gipuzkoako kooperatiba horren autobusen motorrak egiteko izango zela, baina, azkenean, ez da guztiz horrela izan. Perez Arrik azaldu duenez, Berangoko lantegian lau pertsona bakarrik egon dira zeregin horretan, beste denak betiko motorrak egiten ibili diren bitartean, baina beste modu batean, "funtzionatu ez duena".

Kaleratutako 25 beharginak laneratzea eskatzeko hainbat manifestazio jendetsu egin dituzte.  

Fede Fernandez Lopez langile-batzordeko idazkariak gogoratzen duenez, Alconza oso bideragarria izan da 2015era arte: "2014-15 aldia etekin gehien eman dituena izan da". Hala ere, hortik aurrera, zuzendaritza berriak egindako moldaketek gainbehera ekarri zuten lantegira: "Eraldaketa ez zen esan zutena". Dioenez, 2017tik 2019ra lan handia izan zuten bertan, hala ere, batez beste, urtero, bost milioi euro inguruko galerak izan zituen Alconzak. "Ez dugu ulertzen hori, zenbat eta lan gehiago egin, orduan eta galera gehiago genuelako", deitoratu du langile-batzordeko kideak, "ez dugu ulertzen galera horiekin kudeaketa aldatu ez izana. Zerbait egon da txarto, eta hala jarraitu dugu 2022ra arte". 

Kontuak horrela, egoera jasanezina zela-eta, 2021aren amaieran, zuzendaritzak ikerketa bat bideratu zuen lantegiaren bideragarritasun-egoera zein zen ikuskatzeko. Joan den urtarrilean aurkeztu zuten txostena, langile-taldea txikitzea “aukera bakarra” zela ondorioztatzen zuena. Hala ere, langile-batzordeak uste du hori ez dela aukera bakarra, "arazoa koiunturala delako, ez estrukturala". Izan ere, azpimarratzen dutenez, sektore askotan krisia dagoen arren, euren lan-sektorean lana egon badago, horren adibide garbia dute konpetentzia zuzena duten Indar enpresa. "Gurean, ez dute lana ekarri, edo ez dute jakin egiten, eta, orain, gastuak txikitu nahi dituzte langile-taldea murriztuta, besterik gabe", salatu dute grebalariek. Ildo horretan, egoerari aurre egin eta fabrikaren norabidea bide onean jartzeko industria-plan berri bat garatzeko lanean jar daitezen eskatu dute. 

Apirilaren 25ean greba-hausleak agertu ziren lanera, Ertzaintzak lagunduta. Sarrera oztopatzeko, herri-harresia egin zuten grebalariek.

Borroka amaigabea

Ekainaren 7an bete zituzten grebalariek 100 egun protestan, kalean, eta, printzipioz, hala segituko dute ekainaren 28ko epaiketaren egunera arte. Diotenez, bidea ez da xamurra izaten ari, besteak beste, joan den apirilaren 25ean greba-hausleak fabrikara lanera sartu zirenetik. "Enpresaren probokazioa da hori, telelanean ibili daitezkeelako; langileon arteko konfrontazioa bilatu dute", salatu du Fernandez Lopezek. Lehenengo aste horretan, lantegiko ateak itxita mantentzeko herri-harresiak eta piketeak egin zituzten grebalariek, eta Ertzaintzaren oldarkeria zein Eusko Jaurlaritzaren esku hartze falta salatu dute behin baino gehiagotan, "Bizkaiko beste hainbat lekutan bezala, jipoitu gaituzte eta Jaurlaritzak beste alde batera begiratzen ari da uneoro". Dena dela, inguruko bizilagun, elkarte, udal –Berango eta Getxo– eta erakundeetatik jasotako babesa "biziki" eskertu dute: "Izugarria izan da. Ez dugu hitzik sentitzen duguna azaltzeko". 

Jasotako babesa eskertu dute behin baino gehiagotan Alconzako grebalariek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun