Alconzako langileak borrokan

Greba amaituta, Irizar, Jaurlaritza eta Ertzaintzaren jarrerak deitoratu dituzte langileek

Erredakzioa 2022ko uzt. 29a, 08:03

Gaur bueltatu dira lanera Alconzako grebalariak.

Atzo, uztailaren 28an, 151 egun iraun dituen grebari amaiera eman zioten Alconzako langileek, lantegiko zuzendaritzagaz industria-planari buruz berba egiteko oinarriak adostu ondoren. Hala, besteak beste, enplegua ez suntsitzeko bermea eta kaleratutako 25 beharginak euren lanpostuetara bueltatzeko lan-poltsa martxan jartzea ahalbidetuko dute. Hala, gaur, barikuan, lanera bueltatu dira, bost hilabeteren ondoren.

Grebak iraun duen bitartean, baina, Eusko Jaurlaritzaren “utzikeria” salatu dute borrokan aritu diren beharginek, “gure industriaren etengabeko desegitearen eta enplegua suntsiketaren aurrean, Irizarren eredu kooperatiboa; lan-baldintzak prekarizatzen, enplegua suntsitzen eta langileak erabili eta botatzeko klinex gisa tratatzen ibili direlako”. 

Era berean, lan-legediak eta lan-erreformek jokatzen duten papera ere deitoratu dute, “enpleguaren suntsiketari eta prekaritateari bide ematen baitiete, inolako kontrolik gabe”. 

Horrez gainera, euren aldarrikapenak isilarazteko asmoz Ertzaintzaren partetik jasotako “mehatxuak, irainak eta kolpeak” kritikatu dituzte. Izan ere, horien ondorioz isunak eta prozesu judizialak jaso dituzte hainbat grebalarik. 

Amaitzeko, berriro ere eskertu gura izan dute grebak iraun duen bitartean jaso duten babesa eta elkartasuna, ezta ahaztu ere “enpleguaren alde eta baldintza duinen alde borrokan” ari diren langile guztiak: “Borroka guztiei horiei gure elkartasun eta babesa helarazi nahi diegu”.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun