Alconzako langileak borrokan

Barikuan bueltatuko dira lanera Alconza lantegiko grebalariak

Iker Rincon Moreno 2022ko uzt. 28a, 09:50

Grebak iraun duen bitartean hainbat mobilizazio jendetsu egin dituzte Alconzako langileek.

Alconzako Zuzendaritzagaz lantegiaren etorkizuna eta enplegua bermatuko dituen industria-planaren inguruan berba egiteko oinarriak adostu ondoren, joan den otsailaren 28an abiatutako greba mugagabeari amaiera emango diote bihar, uztailaren 29an, grebalariek. Horretarako, halere, 151 borroka-egunotan jasotako laguntza eta elkartasuna eskertu eta eurakaz egondako herritarren babesagaz fabrikara sartzeko deia egin dute; goizeko 06:40etan jarri dute hitzordua, Alconzako aparkalekuan.

151 egun igaro dira Alconzako hainbat langilek greba mugagabea abiatu zutenetik. Bidean, 25 kaleratze bizi izan dituzte, eta joan den uztailaren 13an epaileak despido horiek balioztatu zituen. Horren aurrean, grebalariek gogoratu dute hasieratik esana zutela ez zutela euren etorkizuna auzitegien esku geratzerik gura, "bertan lan-legediak eta lan-erreformek enpleguaren suntsiketari eta prekaritateari bide ematen baitie".

Hala, orain erabaki berriak hartzeko unea dutela azpimarratu dute beharginek eta, horregatik, joan den otsailaren 28an hasitako greba mugagabeari amaiera ematea erabaki dute. Izan ere, iragarri dutenez, Alconzaren etorkizuna eta enplegua bermatuko dituen –eta borrokari hasiera eman ziotenetik aldarrikatutako– industria-planari buruz berba egiteko oinarriak adostu dituzte: "Berriro enplegua ez suntsitzeko bermea, eta kaleratutako 25 pertsonak beren lanpostuetara itzultzeko lan-poltsa martxan jartzea, besteak beste".

Gauzak horrela, hasierako fase horri amaiera eman eta beste bati ekingo diotela azaldu dute, "barrutik borrokatzekoa", alegia. Dena dela, grebak iraun bitartean sortutako elkartasun-sarea goraipatu dute, "langileon etorkizuna eta eskualdeko enplegua kolektiboki defendatzekoa". Ildo horretan, etorkizuneko erronkei begira lan egiten jarraitzeko "posizio indartsuan" daudela ohartarazi dute: "Borrokak beti merezi duelako".

Azkenik, 151 greba-egun horietan jasotako elkartasuna eta laguntza eskertu dute grebalariek, "egunerokotasuna erraztu eta guretzako hauspoa izan den babesa sortu duzuelako". Hala, bihar, barikuan, lanera bueltatuko direla iragarrita, borroka abiatu zuten modu berdinean horri amaiera eman gura diote: "Herriarekin batera". Hori dela eta, hitzordua jarri dute elkarretaratze bat egiteko, goizeko 06:40etan, fabrikako aparkalekuan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun