Elkarrizketak

Ane Portillo: "Emakumeen libidoa baztertuta dago zientzian"

Julen Nafarrate 2022ko urr. 18a, 17:05

Ane Portillo Blanco biokimikaria da.

25 urteko biokimikari berangoztarrak CAF-Elhuyar saria jaso du Emakumeen libidoaren heriotza: epaiketa garaia dibulgazio-lanari esker. 

Gutxi berba egiten da sexualitateaz. Gutxiago emakumeen sexualitateaz. Eta are gutxiago emakumeen libidoaz, sexu-grinaz edo plazeraz. Hausnarketa horretatik abiatuta, dibulgazio-lana kaleratu du Ane Portillo biokimikari berangoztarrak: "Emakumeen libidoak duen ikusgarritasun falta oso nabaria da medikuntzan". Gazteak CAF-Elhuyar saria jaso du Emakumeen libidoaren heriotza: epaiketa garaia lanagatik. "Ez nuen espero halako sari bat jasotzea, baina pozik nago gai honi ikusgarritasuna emateko balio izan duelako".

Emakumeen sexualitatea edota plazera sentitzeko gaitasuna erabat baztertuta dago zientzian: "Benetan harrituta nago, oso ikerketa gutxi egin direlako arlo honetan". Esate baterako, emakumeek hartzen dituzten pilula antisorgailuek sor ditzaketen albo kalteak nahikoa aztertuta ez daudela iritzi dio: "Lagun taldean sortutako elkarrizketa batean konturatu ginen antisorgailu horiek eragin kontrajarriak sortzen dituztela gure gorputzetan. Batzuei, adibidez, libidoan eragiten diete. Erantzun bila ikertzen egon naiz, baina topatu dudana erabat kontrajarria da, ez delako nahikoa ikertu gai hau, badirudi ez dela nahikoa garrantzitsua, eta bada". Dioenez, horrek ez du esan nahi pilula horiek txarrak direnik, "baina bai hobetu daitezkeela asko". Sexualitatea orokorrean medikuntzan nahiko alboratuta egon dela uste du Portillok: "Tabu bat izan da, pazienteek ere ez zizkioten medikuari euren sexu-arazoak kontatzen. Eta ez bada horretaz berbarik egiten, ezin da konponbiderik bilatu. Badirudi zorionez belaunaldi berriakaz egoera aldatzen ari dela".

Dibulgazio-lan honen edukia berritzailea izan da, baina baita bere forma ere, epaiketa bat irudikatu duelako: "Laborategia ez da nire mundua. Nire arloa irakaskuntza da, eta horregatik, agian, saiatu naiz zientzia modu errazean eta pedagogikoan azaltzen". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun