Itziar Aginagalde Avedilloren goiburu nagusiak dira "erantzukizuna, apaltasuna, errespetua eta lana" Berangoko Alkatetzari heltzeko. Aginagalde datorren urteko maiatzeko udal-hauteskundeetarako EAJren zerrendaburu izango da, Anabel Landa Gaubeka gaur egungo alkateari erreleboa hartuta. Ildo horretan, alkategai berriak bere esker ona adierazi dio Anabel Landari: horren "zintzotasuna" nabarmendu du, alor guztietan. “Azken urteotan guztiotan eman didan babesa eskertzen diot. Politika egiten irakatsi dit, entzuten eta akordioetara iristen”, adierazi du.
Bilbon jaioa da baina “herri zoragarri honetako alaba naiz duela 12 urtetik”. Aginagaldek aditzera eman duenez Berangon “lantalde bikaina daukagu, lehenengo EAJren Uri Buru Batzarrarekin eta, jakina, gure alderdikideekin; eta hori ikusi egiten da lan egiten jartzeko orduan”. Aitortu duenez, Anabel Landaren tokia hartzea proposatu ziotenean “halako zorabioa sentitu nuen hasieran”, baina “dena baretu da eta Anabelen eta alderdikideen babesa izateak segurtasun handia ematen dit”, azaldu du. Edozein kasutan, nabarmendu du "ondo baino hobeto" ezagutzen duela administrazio publikoaren funtzionamendua eta, bereziki, Berangoko Udalarena. 2015-2019 legealdian Ekonomiaren sustapena, Enplegu eta Gazteria sailen zinegotzi arduraduna izan zen, eta oraingoa bere bigarren agintaldia izan da gobernu-taldean, esandako ardurez gain Ogasunarena eta alkateordearena hartuta.
Hautagai jeltzaleak azaldu duenez, Agintaldirako Planaren % 95 dago eginda, egiteko bidean edo hastekotan. “Gure herrikideekin hitzeman genuen konpromisoa bete dugu, eta horixe izango da gure lana hemendik aurrera”. Ildo horretan, Aginagaldek gogora ekarri du Udalak Icaza jauregia erosi duela “berangoztarrei eskaintzen zaizkion kultur eta aisialdi zerbitzuak handitzeko eta zabaltzeko. Helburua da arterako gune bat sortzea, sinergia musikal eta kulturalak bultzatzea eta gure herrikideei eskaintzea”, azaldu du harrotasunez. Era berean, nabarmendu du Karabiganen egin duten arrapala mekanikoaren garrantzia, “irisgarritasuna hobetzen lagunduko baitu auzo historiko honetan bizi diren pertsonentzat, Simon Otxandategirekin konektatuz”.
Etorkizunera begira, Aginagaldek argi baino argiago dauka egun martxan dauden proiektu guztiak amaituko dituela, beren tamainagatik hainbat jarduera fase beharko dituztela gogora ekarriz. Baina, esandakoez gain “beste gauza batzuk ere ditut buruan”. Esate baterako, Lantzarteko auzoa birmoldatzeko proiektua, “irisgarritasuna hobetzeko eta aparkatzeko tokiak ugaritzeko urratsak ematen jarraitzea”. Baina, zalantzarik gabe, “gure lehentasunetako bat izango da gure gazteria Berangon gera dadila eta udalerri erakargarri bihurtzea eskualde osoko gazteentzat”. Horretarako, etxebizitza babestu eta tasatu gehiago eraikitzea babestuko duela aurreratu du.