550 pertsona baino gehiagok autismoa ikusarazi dute Berangon

Iker Rincon Moreno 2023ko api. 3a, 09:26

Aurten, Apnabi Bizkaia elkarteak familia-martxa bat antolatu du autismoaren inguruan gizartea kontzientziatzeko eta sentsibilizazioa hauspotzeko asmoz. Autismoa martxan! izeneko iniziatiba Berangoko Udalagaz antolatu du, eta 550 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten atzo, domekan, izandako ibilaldi horretan. Horren bitartez, besteak beste, autismoaren espektroaren trastorno bat duten pertsonen gizarteratzea bilatu dute antolatzaileek, "alor guztietan", gaur egun indarrean dauden mito eta estigmak alde batera utzita.

Apnabik, Autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonen familien elkarteak, 45 urte bete ditu aurten, eta, hori ospatzeko, hainbat ekimen garatu ditu egunotan, besteak beste, atzoko martxa. Ekimen hori familia-ibilaldia izan da, eta helburua izan da autismoa duten pertsonak, familiak eta lagunak batzea, pertsona horien gizarteratzea eta talde-sentsazioa hauspotzeko asmoz.

100 pertsonatik batek autismoa du

Elkarteak azaldu duenez, autismoaren espektroko trastornoak ez dira gaixotasunak, neurogarapenaren nahasmenduak dira, txiki-txikitatik garatzen direnak eta pertsonaren arabera eboluzionatzen dutenak, eta, azkenengo ikerketen arabera, 100 pertsonatik batek trastornoa du.

Ildo horretan, Apnabikoek azpimarratu dutenez, arreta goiztiarra, hezkuntza egokia eta laguntza pertsonalizatuak ematea dira eskura dauden tresnak, haien eta familien bizi-kalitatea nabarmen hobetzeko. "Gizartea sentsibilizatzeak gizarteratzen ere laguntzen du, eskubide osoko herritar diren aldetik".

Argazkiak: © BERANGOKO UDALA

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun