Ekainaren 3rako Uribe Kostako Etxera Eguna elkartasun jaialdia antolatu duzue Berangon. Zein da jardunaldi horren helburua?
Elkartasuna da helburu nagusia, bere zentzu zabalenean. Asko aldatu da gaur egun arte euskal preso, deportatu eta iheslarien egoera. Lan handia egin da, baina asko dago egiteko. Hori azpimarratzea dugu helburu; elkartasuna oinarrizko sostengu izan da orain arte gurekin ez daudenentzat, eta halaxe izaten jarraitu behar du. Egoera orokorrean aldaketak egon dira, eta egongo dira, baina elkartasunak, bere esparru guztietan, oinarrizkoa izaten jarraitu behar du, ezinbestekoa da.
Ez gaitezen erlaxatu, inondik inora ere, elkartasuna inoiz baino garrantzitsuagoa da, inoiz baino beharrezkoagoa, goazen hori oihukatzera, beraz.
Nondik dator ekimen hori martxan jartzeko borondatea, eta zergatik orain?
Aspaldi eduki dugu Uribe Kostan horrelako ekimen bat antolatzeko ideia edo nahia. Uribe Kosta eskualdea historikoki, eta tamalez, elkartasunaren lehen lerroan kokatu da, egoerak horretara behartuta, noski. Asko izan dira gure herrietan preso, ihes eginda edo etxetik urrun izan ditugun militanteak. Horrek behar asko sortu ditu, baina baita erantzukizun handia ere.
Orain, aurretik aipatu dugun bezala, inflexio puntu batean gaude, non argi dugun lanak aurrera jarraitu behar duela. Horregatik, momentu hau ezin hobea dela deritzogu, elkartasunaren aldarria egiteko ezinbestekoa izaten jarraitzen duela aldarrikatzeko.
Aurreko guztia kontutan hartuta, presoen eta iheslarien ildoan urte askoz lanean gabiltzan pertsonekin osatutako lan talde bat sortu dugu. Eskualdeko herri guztien ordezkariak batu ditugu bertan eta ilusio handiz jarri gara lanean. Hilabeteak daramagu dena prestatzen, eta eskualde osoari eta eskualdez kanpoko jendeari gonbita egiten diogu ekainaren 3ko ekimenean parte hartzeko.
Gaur gaurkoz, euskal preso guztiak Euskal Herriko espetxeetan daude. Zer balorazio egiten diozue urteotan gerturatze hori lortzeko egindako ibilbideari?
Ibilbide luzea izan da, oztopoz betea, sufrimenduz josia. Pertsona asko batu gara borroka horren inguruan, batzuk aurpegia ematen, beste batzuk bigarren plano batean, denak ezinbestekoak. Hainbat esparrutan landu izan da preso eta exiliatuen ildoa, eta horrek emaitza batzuk ekarri ditu, agerikoak gainera. Hobeto egon gintezke, baita txarrago ere. Horregatik, esan dugun bezala, garrantzitsua ikusten dugu bidea oraindik luzea dela ulertzea; eta, horretarako, bai gure oinarrietan, baina baita gizartean ere, preso deportatu eta iheslarien gaiak lehentasuna izan behar du.
Euskal presoen eskubideen eta baldintzen hobetzearen aldeko borroka, baina, ez da oraindino amaitu. Zein egoera bizi dute preso horiek gaur egun?
Mota askotako egoerak bizi ditugu eta salbuespen neurriak aplikatzen jarraitzen dira preso politikoen gainean, gradu erregresioak, adibidez. Gainera, kondena erraldoiak dituzten presoak ditugu, irteteko zorian daudenak, etxera itzultzeko arazoak dituztenak, baldintzapeko askatasunean daudenak… Eta noski, hortaz aparte, presoak kalera irteten direnean, aurrez aurre aurkitzen duten egoera ez da erreza; haien ingurua guztiz aldatu da, lan munduan sartzeko zailtasun handiak izaten dituzte, kartzelak eragindako kalte fisiko eta psikologikoei aurre egin behar diete…
Egoera bakoitzak erantzun bat behar du, lanketa bat. Horregatik behin eta berriz errepikatzen dugu erronkak handiak direla oraindik eta lan handia dagoela egiteko.
Eta, zehazki, Uribe Kostakoek?
Ezin dugu Uribe Kostako euskal presoen egoera esaldi edota hitz bakar batean azaldu, kasu bakoitzean errealitate eta egoera propioak aurki baititzakegu. Dispertsio eta urrunketarekin amaitu dugu, presoei eta euren senideei honek dakarzkien onurekin. Horrez gain, preso guztiak lehenengo edo bigarren graduan daude; hau da, isolamendu eta bakartzea iraganean utzi ditugu. Preso bakarren batek baldintzapeko askatasuna du, kondena osorik betetzeko asteak falta zaizkiolarik. Beste batzuek, asteburuko baimenak lortzen hasiak dira, eta beste hainbat presok irteera programatuak egin dituzte eta egiten ari dira.
Hori horrela, etxerako bidea hurbilago eta baikorrago ikusten hasiak gara. Hala ere, txanponaren beste aldean beste errealitate bat aurki dezakegu. Beste preso batzuei etengabe ukatzen dizkiete irteera programatuak eta baita asteburuetako irteerak ere. Arazo larria daukagu hemen, batez ere Zaballako espetxe-zuzendaritzarekin. Eta onartzen dituztenak ere, sistematikoki errekurritu egiten ditu Audientzia Nazionalaren fiskaltzak, eta baimenekin kalean zeuden preso batzuk espetxera bueltatzen ikusi behar izan ditugu. Horren adibide dira Iñaki Bilbao eta Gorka Martinez preso urduliztarrak eta Iñigo Gutierrez preso ohi algortarra.
Ondorioz, Uribe Kostan ere, nahiz eta dispertsio eta urrunketa atzean utzi dugun, ezinbestekoa dugu mobilizatzen eta lanean jarraitzea euskal presoei aplikatzen zaien salbuespeneko neurriekin amaitzeko eta etxeratze prozesua ahalik eta azkarren erdiesteko.
Jaialdiari bueltatuta, zer egongo da horretan?
Goizetik hasiko da egitaraua, eta adin guztietako pertsonei zuzenduta egongo da.
11:30ean, mahai-inguru politikoarekin hasiko gara, presoen eta deportatuekiko elkartasunaren esparru ezberdinetan lanean jarduten duten eragileen eskutik; Etxeratek, Sarek eta Harrerak hartuko dute parte bertan. Euren ikuspegia emango digute presoek bizi dituzten egoera eta behar ezberdinen inguruan; dispertsioaren ondorioak, kondena luzeak, senideen sufrimendua, salbuespen legeak edo kalera irtetean edo itzultzean bizi dituzten egoerak.
Bitartean eta goizeko 11:00etatik aurrera, gurasoek, euren seme-alabak horretarako egokituko dugun gunen batean uzteko aukera izango dute. Bertan, dagokien zaintzaz aparte, jokoak eta aktibitateak eskainiko dira txikientzat.
Ordu berean ere, eta egun osoan zehar, herri-azoka egongo da Berangon, eskaintza anitzarekin; arropa, apaingarriak, bertako produktuak… Denetarik izango dugu.
Mahai-ingurua amaitzean, jai giroa nagusituko da. 13:00ean eta bazkal ordura arte, bertso triki poteoa egongo da herriko tabernetan, eta Berangoko eskolan izango du amaiera, herri bazkariari hasiera emateko. Menu ederra prestatu dute gure sukaldariek eta hainbat aukera egongo dira (umeen menua, beganoa…).
Arrastiko 18:00etan, deialdi berezi bat egin nahi dugu, preso, iheslari eta deportatuak etxera ekartzeko aldarria ozen oihukatzeko argazki erraldoi eta jendetsu baten bitartez. Horren ostean, elektrotxarangarekin hasiko gara eskolatik bertatik, eta berriro musika nagusituko da herri osoan zehar.
Amaitzeko, 20:00etan, kontzertuak hasiko dira. Kartel ederra lortu dugula uste dugu, askotarikoa eta interesgarria. Hemendik ere, talde guztiei eskainitako erraztasunak eskertu nahi dizkiegu. Gurekin izango dira: EH Sukarra, Ugerda, Lehen Lerroa, Añube, Iheskide eta Gora Etorri. Kontzertu gunean edatekoaz aparte, jatekoak ere eskainiko ditugu gau osoan zehar.
Esan beharrik ez dago, Etxera Eguna osatzen duten ekimen guztietan zehar ez dela inolako jarrera matxista, homofobo, arrazista eta bestelakorik onartuko eta, horretarako, Etxera Eguna gune segurua izan dadin lanean gabiltzala eta egunean bertan bitarteko feminista ezberdinak aktibatuta egongo direla.