Manifestazioan, protestara batutakoek lau ideia aldarrikatu zituzten ekintza ezberdinen bidez: elikadura burujabetza, etxebizitza eskubidea, herri bizia eta ingurumenaren babesa. "Erronka handiei aurre egin behar diegu, horregatik, komunitate indartsu bat sortu behar dugu. Komunitatetik eratortzen dira zaintza eta borroka", antolatzaileek defendatu zutenez.
Metro geltokitik abiatuta, Icaza jauregiaren ingurura heldutakoan, "Kaleetan elkartuko gara! Herri bizia" zioen pankartaren aurrean, ekintzaileek komunitateari buruzko haien ideiak eta proposamenak idatzi dituzten "pankarta interaktibo batzuetan".
Manifestariek gogoratu zutenez, Berangoko egungo HAPOak 2.300 etxebizitza baino gehiago eraikitzea aurreikusten du, horietako bat ere ez alokairu sozialeko erregimenean. Ildo horretan, adierazi zuten arazoa ez dela etxebizitzarik ez egotea, "eskuragarritasun falta baizik". Esan zutenez, gainera, Berangoko merkataritza-guneko kate multinazionalen soldata baxuak ez dira nahikoa herrian bizitzeko. "Espekulazioak alokairuaren eta etxebizitzaren prezioak garestitu besterik ez du egin. Etxebizitza ez da negozio ba", adierazi zuten manifestazioa itxi ondoren.
Simon de Otxandategi etorbidean, manifestariek hazi-bonbak bota zituzten Aguirre-Lipperheidde familiak duen jauregitxoko lorategira; izan ere, ekintzaileek gogoratu dutenez, familia horrek du, hain zuzen, Otxantegi Herri Lurrak lantzen duen lurren jabetza.
"Ez dugu amore emango, badakigu zer den taldean lan egiteak ematen duen indarra, eta errepresio estrategia edozein dela ere, Uribe Kostako lur emankorrak defendatzen jarraituko dugu", adierazi zuten Otxantegi Herri Lurrak kolektiboko militanteek, eta iragarri zuten ekainaren 20an bilera irekia egingo dutela ortuan.