Otxantegi Herri Lurra "berehala" hustu dezaketela salatuko dute zapatuko manifestazioan

Iker Rincon Moreno 2023ko eka. 15a, 17:49

Otxantegi Herri Lurrak egitasmoaren aldeko margoketa, Berangon. © OTXANTEGI

Martxoan jakinarazi zuten Otxantegi Herri Lurra egitasmoko kideek Otxandategi dorretxeko lurretatik kanporatzeko agindua "berehalakoa" izan zitekeela. Orain, Berango Lurraren Defentsan taldeak jakinarazi du horretarako epemuga ekainaren 21a ezarri duela epaileak. Hala, udalerriko urbanizazio prozesuak eta "espekulazioak" mahai-gainean jartzeaz gainera, edozein momentutan izan daitekeen hustuketa hori salatuko dute zapatuan egingo duten manifestazioan.

Udalerriko "espekulazio urbanistikoa" salatzeko manifestazioa deitu du zapatu honetarako, hilaren 17rako, Otxantegi Herri Lurra taldeak. Horretan, gainera, proiektua arriskuan dagoela ohartaraziko dute, Otxandategiko lurrak ekainaren 21a baino lehen husteko agindua eman baitu epaileak. Ekintzaileek azaldu dutenez, manifestazioa 19:00etan abiatuko da metro-geltokitik, eta udaletxearen aurrean amaituko da.

Berango Lurraren Defentsan taldeak gogoratu duenez, Otxantegikoek bi urte daramatzate Otxandategi dorretxeko lurrak lantzen, "eta elikadura burujabetzaren nahiz nekazaritza ekologikoaren aldeko apustua egiten". Azpimarratu dutenez, bertako lurrak okupatu izana ez da kasualitatea, "Udalak eta jabeek lur horiek pelotazo urbanistiko itzela gorpuzteko tokitzat hartu zituzten, eta, hori ekidin guran, kolektiboak gune hau berreskuratu egin zuen, nekazari-guneen etenik gabeko galerari aurre egiteko".

Deitoratu dutenez, egoera "kezkagarria da". Izan ere, diotenez, Berangoko HAPOak nekazari- eta natura-gune diren 40 hektarea urbanizatzeko asmoa du, "2.300 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko". Halaber, salatu dute eraikitze-prozesu horrek ez duela inguruko etxebizitzen prezioak jaistea eragin; "aitzitik, espekulazioak alokairu eta etxebizitzen salneurriak ikaragarri garestitu ditu". Gauzak horrela, antolatzaileek etxebizitza eskubidea bermatzea aldarrikatzen dute, gehiago eraiki gabe eta dagoena zuzen banatuz, baita HAPOa berritzea ere. Horrez gain, haien arabera, "alokairu soziala bultzatu, etxebizitza hutsen zerrenda egin, eta herriko etxebizitzari dagozkion premiak aztertzea ezinbestekoa da".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun