Zer dela eta hartu zenuten Berangon jai-batzorde bat eratzeko erabakia?
Duela hamar bat urte desagertu zen aurreko jai-batzordea, eta ordutik Udalak izan du jaiak antolatzeko ardura. Pentsatzen dugu Berangoko jaiak ez direla parte-hartzaileak, horregatik, iaz mugitzen hasi ginen jendearen inplikazioa bilatzeko. Gure ustez, jaiak herrikoiak, parte-hartzaileak eta euskaldunak izan beharko lirateke, baina gaur egungoek ez dute hori kontutan hartzen, jendearentzako programa erakargarri bat egiteaz besterik ez dira arduratzen.
Beraz, iaz gauzak antolatzen hasi zineten?
Bai, jaiak baino aste bat lehenago batu ginen lauok eta gauza batzuk prestatzen hasi ginen, hala nola bertso-saioa edo eskupilota-txapelketa. Lehen, bakailao-txapelketa ere egiten zen, baina antolatzeari utzi zioten eta Bakailao Eguna egiten hasi zen Udala, guk txapelketa hori berreskuratu genuen iaz. Orduan hasi zen jai-batzordea sortzen; aurten denbora gehiagorekin ibili gara eta jendea animatzeko bilera irekiak egin ditugu. Uste dugu jendea gogotsu dabilela Santa Ana eta Santo Domingo jaiak herrikoiagoak defendatzeko.
Zuen helburua herriko jaiak antolatzea izango da, ez?
Bai, guk hurrengo urtera begira espero dugu Udalak guri ardura hori ematea eta aurrekontu bat eduki ahal izatea. Momentuz, Udalak ez digu inolako finantziaziorik eman eta euren programan sartu nahi zituzten gure ekintzak. Antolatu ditugun gauzetarako dirua zozketa batetik atera dugu; 1.000 tiket saldu ditugu, eta tabernek ere dirua eman digute gauzak antolatzen joateko.
Nortzuk osatzen duzue jai-batzorde berria?
Berangoztarrak gara ia guztiok, herritik ezagutzen garen adin guztietako jendea, helburu berak batzen gaituena: jai herrikoiak eta parte-hartzaileak antolatzea. Horregatik, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu gurera.