Getxoko Areeta auzoan jaio arren, 8 urte zituela Ingalaterrara joan zen bizitzera Jesus Etxebarria Urkitza. Bertan hazi zen, eta 21 urtegaz, lan kontuengatik, munduko hainbat puntutan bizi izan da, tartean AEBetan, 2000an Berangon lekutu zen arte.
Futbolzale amorratua da Etxebarria, eta, besteak beste, AEBetako Georgiako selekzioan jokatu zuen, beteranoen kategorian, baita Arenas Clubean aritu ere, oraingo honetan entrenatzaile gisa. 2017an, sare sozialetan Ingalaterrako antzinako lagunakaz harremanetan jartzen ari zela, haiek gonbita egin zioten Bilbora joateko haien kontra walking football modalitateko futbol-partidu bat jokatzeko. Horren aurrean, berangoztarra taldea osatzen saiatu zen, baina ez zuen lortu, "denak gazteegiak zirelako". Izan ere, kirol-modalitate horren ezaugarrietako bat da jokalariak 50 urtetik gorakoak izan behar direla; "horri esker, adinagatik ez dago mugarik taldean aritu eta kirolean aritzeko. Izugarrizko onurak dauzka kirol modalitate honek, sozialak zein osasunari lotutakoak", dio Etxebarriak.
Walking football-a futbolaren aldaera bat da, adinekoentzat edota mugikortasun murriztua dutenentzat diseinatua. Bertan, korrika egitea debekatuta dago eta pase-jokoan eta estrategian nabarmentzen da. Jokalariek korrika egin beharrean ibili behar dute, eta horrek jokoa eskuragarriagoa eta seguruagoa egiten du adin guztientzat. Arauei dagokienez, herrialdearen arabera ezberdinak izan daitezke, izan ere, "arauak erabakitzeke daude oraindino", azaldu du berangoztarrak, "hala, ohikoa da taldeetan sei jokalari egotea, atezaina barne, baina badaude herrialde batzuk non ez dagoen atezainik. Gainera, jokalariak ezin dira penalti-areara sartu, jokalarien arteko talkak ekidite aldera".
2019an, Athletic Fundazioak deialdi bat zabaldu zuen joko horretan aritzeko Lezaman eta, Etxebarriak gogoratzen duenez, 18 pertsona joan ziren bertara, denak gizonezkoak. "Deialdia inklusiboa zen, eta emakumeak ere gonbidatuta zeuden, baina egia da hemen tradizioa bestelakoa dela, eta adineko emakume askok ezin izan zutela jokatu futbolean gaztetan, baina, Ingalaterran, adibidez, emakumezko talde ugari dago jada, txikitatik aritu direlako jokoan".
Deialdi horretara gerturatu zirenek partidu bat jokatu zuten eta, berangoztarrak gogoratzen duenez, "oso zaila" egin zitzaien hasieran. Hala ere, apurka-apurka, jarraikortasunez jokatzen jarraitu zuten eta taldea handitzen joan zen, 80 jokalari izan arte joan den denboraldian.
Hasieran, talde horren helburua soziala zen, haien artean jokatzekoa, baina, gutxika-gutxika, taldekide askoren asmoak lehiatzera lerrokatzen hasi ziren eta, 2021eko apirilean, Eurokopan jokatzeko proiektuan murgildu ziren, Portugalen. "Athleticen ekipamenduarekin aritu ginen, gehienbat talde britaniarren kontra", azaldu du Etxebarriak.
Martxa hartzen
Horren aurretik, baina, 2020an jokatzekoa zen Munduko Nazioen Koparen berri izan zuen berangoztarrak eta, 2019an, horren inguruan ikertzen hasi zen, kontatu duenez. Ikusi zuen nazioek bakarrik joka zezaketela norgehiagoka horretan eta, FIWFA –Federation of International Walking Football Associations– erakundeagaz harremanetan jarri ondoren, Euskal Herriko selekzio gisa izen-ematea lortu zuen, Basque Country-Euskal Herria izenaren pean. Hala ere, pandemia zela eta, txapelketa bertan behera gelditu zen, baita hurrengo bi urteetan ere, 2023ra arte.
Bitartean, baina, Jesus Etxebarriak talde ingelesak gonbidatu zituen Euskal Herrira, euskal taldea trebatze aldera. Hala, 2021eko urriaren 30ean lehenengo partidua jokatu zuten Lezaman haien kontra, modalitatera egokitutako zelai batean. "50 urtetik gorako taldeak 1-11 galdu zuen haien kontra, eta 60 urtetik gorakoak, 2-12; esperientzia handikoak dira ingelesak". Hurrengo urtean, Basque Country International Cup izenekoa jokatu zuten Getxon, Fadura kiroldegian, eta bertan Frantzia, Italia eta Ingalaterraren kontra aritu zen Euskal selekzioa. "Oraingo honetan, Euskal selekziokoek 1-0 irabazi zieten ingelesei; galtzen zuten lehenengo aldia izan zen", azpimarratzen du Etxebarriak.
Horren ondoren, euskal jokalariak Bordelera (Frantzia) joan ziren sei nazioen arteko kopa jokatzera, eta parte hartutako norgehiagoka horien guztien ondorioz, euskal taldea lehen lerroan jartzea lortu zuten.
Basque Country - Euskal Herria taldeko jokalariak Munduko Kopan ingelesakaz batera. © WORLD CUP
Mundialera bidean
Pandemia atzean utzita, 2023ko abuztuan, Munduko Nazioen Kopa jokatzeko deialdia ireki zuten berriro ere, Ingalaterran jokatu zutena. Bertan aritu ziren 19 nazio, tartean, Euskal Herrikoa –Etxebarriak sortutakoa– eta Espainiakoa. Hasiera batean, Etxebarriak dioenez, Euskal Kirol Federazioen Batasunaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa zuen arren, ez zuen Euskal selekzio gisa aurkezteko baimenik izan eta, ondorioz, ezta laguntza ekonomikorik jaso ere erronkari aurre egiteko.
Jesus Etxebarriak azpimarratzen du lizentzia duen walking football modalitateko entrenatzaile bakarra dela Britania Handitik kanpo eta, hori baliatuta, selekzio berri bat osatzeari ekin zion. Horretarako, gogoan duenez, Bizkaian eta inguruotan futbol-modalitate honetako aitzindariak diren Plentziako eta Ibarreko taldeen laguntza izan zuten. "Haiek izan ziren San Kristobal txapelketa egin zutenak 2017an, eta bide honetan asko lagundu digute, tartean ekipamenduekin eta futbol-zelaiak uzten", aitortzen du berangoztarrak.
Hala, taldeak osatu, 50 eta 60 urtetik gorako bana, izen-emateak ordaindu –bakoitzak bere poltsikotik, 1.400 euro inguru– eta Ingalaterrara joan ziren Basque Country - Euskal Herria izena zutela. "Esperientzia izugarria izan zen; jendea harrituta gelditu zen gurekin", dio Etxebarriak eta, horri esker, herrialde askotako taldeen gonbidapenak jasotzen hasi direla azaldu du.
Guztira, 19 naziok parte hartu zuten kopan eta, 50 urtetik gorakoen kategorian, euskal taldea bosgarren sailkatu zen; 60 urtetik gorakoenean, berriz, seigarren. Bi taldeetan, Ingalaterra gailendu zen.
Euskal Walking Football Elkartea, Berangon
Adinekoentzako futbol-modalitate hau lurralde osora zabaltzeko asmoz, Etxebarriak Euskal Walking Football Elkartea sortu du, "Berangon izena emanda duena", eta, dioenez, jendea behar du horri indarra emateko. Izan ere, bere asmoa da ligaxka moduko bat sortzea Bizkaian. "Athletic saiatu zen egiten duela bi urte, baina ez zuen aurrera egin. Hala ere, orain, egoera indartu da, Bizkaiko Federazioa interesatuta dago eta, oraindik Eusko jaurlaritzak kirol gisa onartzen ez duen arren, aurrera egiten saiatuko gara", azaldu du.
Daborduko lau talde osatu dituzte, eta Etxebarriaren ametsa da beste bat sortzea Berangon. Hala ere, horretarako arazo bat dutela dio, haientzako zelairik ez dagoelako: "Erretiroa hartuta dugunok arazorik ez dugu, goizez futbol-zelai gehienak libre daudelako, baina oraindik lanean daudenentzako hori traba izan daiteke, goizez lan egiten dutelako eta arratsaldez zelaiak gazteen taldeez beteta daudelako".
Hurrengo Munduko Kopa, Euskal Herrira?
Mundu mailako hurrengo hitzordua urte bi barru izango da, eta horri begira jarri da baita ere Etxebarria. Pausoak ematen hasi da hitzordua Euskal Herrian egiteari begira, baina argi du zeregin handia duela oraindino aurretik.