Elkarrizketak

Lierni Paul Duce: "Euskal dantzak nire sustraiak eta jatorria dira"

Nahia Martinez Gondra 2023ko aza. 6a, 10:48

Dantzaria izateaz gain, aurresku irakaslea da ere Lierni Paul Duce.

Bost urte zituenetik aritu da Lierni Paul Duce berangoztarra euskal dantzetan, eta, egun, 19 urtegaz, Bizkaiko aurreskularirik onena bilakatu da. Horregatik, beragaz elkartu gara bere ibilbide artistikoaren nondik norakoak ezagutzeko, baita emakume aurreskularien gaur egungo egoeraz hausnartzeko ere.

Joan den irailaren 17an, irabazle izan zinen Leioako Ondiz auzoan izan ziren Bizkaiko LXI. Aurresku eta Emakumezkoen XIV. Aurresku txapelketan. Hala, Bizkaiko aurreskularirik onenaren postua lortu duzu. Nola sentitzen zara?

Oso harro eta pozik sentitzen naiz. Egia esan, ez nuen espero. Izan ere, uste nuena baino emakume gehiago aurkeztu ziren txapelketara, eta ez nuen argi ikusten ea txapela jantziko nuen ala ez. Maila oso altua zegoen eta erronka bat izan irabaztea.

2018an ere, Erandioko eta Ondizko norgehiagoketan gazte mailako txapelak jantzi zenituen. Hainbeste lehiaketa irabazi ostean, presioa sentitzen duzu?

Bai, apurka bat. Gainera, aurkezten diren emakumeen artean badaude nire ikasleak direnak ere. Izan ere, nik aurreskua irakasten dut. Beraz, hor presio bikoitza dut. Baina egia da normalean lasai aurkezten naizela lehiaketetara.

Noiztik zara irakasle?

Aurten hasi naiz. Nire dantza eskolako bi neska aurresku txapelketetara aurkeztu nahi ziren eta irakasle bat behar zuten dantza ikasteko. Hortaz, ni irakasteko prest aurkeztu nintzen. 6. mailan daude, hortaz 11 urte inguru dituzte. Teknika eta maila duten bi pertsona dira, beraz, dantza soilik erakutsi behar diet, eta niri hori asko gustatzen zait. Teknika duten pertsonekin lan egitean dantza erakutsi eta perfekzionatu behar duzu. Irakasle gisa ere, asko ikasi dut, nik ere egiten ditudan hainbat akats argiago ikusten ditudalako, eta, hortaz, hobe ditzakedalako.

Zer dira euskal dantzak zuretzako?

Euskal dantzak niretzako nire sustraiak eta jatorria dira. Aitak ere dantzatu du eta egun dantzatzen jarraitzen du, beraz, etxean txikitatik erakutsi didaten zerbait da. Gainera, Dantzertin goi-mailako gradua ikasten dut etorkizun batean dantza munduan jardun nahi dudalako. Bereziki interesatuta nago dantza garaikide eta euskal dantzen fusioan. Gaur egun konpainia asko daude horretan oinarritzen direnak, eta etorkizunean horrelako piezetan parte hartu nahiko nuke.

Zer da gehien gustuko duzuna dantza egitetik?

Dantzak ematen dizun diziplina baita dantza munduan sortzen diren harremanak ere. Egia da, dantzak konstantzia bat ere eskatzen dizula, eta zure bizitzako gauza batzuk albo batera utzi behar dituzula. Dantzaren parte da, azken finean. 

Euskal dantzetan euskara presente eduki duzu?

Andoni Aresti dantza eskolan egiten ditut euskal dantzak eta euskara oso presente dago. Norbaitek euskara ez jakitekotan gaztelaniaz egiten diote, baina hizkuntza aldetik beti egon da gure artean.

Historian zehar, denbora luzez, emakumeek ezin izan dute aurreskua dantzatu. Gaur egun, uste duzu gero eta neska gehiago animatzen doazela? Edo gabezia bat dagoela sentitzen duzu?

Egia da oso emakume gutxi aurkezten direla lehiaketetara; kasu askotan ni izan naiz emakume bakarra. Hori oso tristea da. Baina aurten Ondizen nire sorpresarako emakume nahikotxo egon gara eta horrek asko poztu nau. Izan ere, beste giro bat sortzen da. Hala ere, orokorrean, emakume gutxi daude aurresku munduan eta horrek pena ematen dit. Aurreskua gizonek dantzatu duten dantza izan da, orduan, nik uste talde dantza talde tradizionaletan denbora luzez ez dietela emakumeei erakutsi. Horrek azkenean asko mugatzen ditu emakumeak. 

Lierni Paul Duce, Ondizko txapelketan. © BERANGOKO UDALA

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun