Alconzako langileak borrokan

Alconzako lau langilek deklaratu beharko dute grebaren harira, lehenengoak hurrengo astean

Iker Rincon Moreno 2023ko aza. 3a, 09:43

Greba-egunen momentuetako bat.

Alconzako kaleratzeen aurrean, bost hilabeteko greba burutu zuten langileek iaz. Euren lanpostuen defentsan egindako borroka horren harira, hemendik urtarrilera bitartean, grebalarietako lauk deklaratu behar izango dute Getxoko epaitegietan. Lehenengoak hurrengo eguaztenean, azaroaren 8an, egin beharko du, eta horren aurrean, LAB sindikatuak paroak deitu ditu egun horretarako enpresan eta elkarretaratzea epaitegiaren aurrean, 11:15ean, langileari babesa emateko eta irekitako prozesu judizial guztiak bertan behera uzteko eskatzeko.

Lantegiko 25 behargin kaleratu zituen iaz Berangoko Alconza enpresak, tailerreko 21 langile, eta bulegoko beste lau. Despeditze horiek gauzatu aurretik, bost hilabeteko greba burutu zuten, eta borroka horren ondorioz, lau langilek deklaratu beharko dute Getxoko epaitegietan.

LAB sindikatuak gogoratu du grebak iraun zuen bitartean errepresioak ez zuela etenik izan, "isun ekonomikoak jaso genituen Mozal Legea aplikatuz, eta Ertzaintzak hainbat langile jipoitu eta zauritu zituen". Horrez gainera, sindikatuak deitoratu du, gainera, Alconzak, "Irizarren oniritziarekin", beharginen aurkako prozesu judizialei eustea erabaki du eta, horren aurrean, LABek auzi horiek bertan behera uztea exijitu du. "Langileen eskubideak, gure eskubideak eta lanpostuak defendatzea ez da sekula delitua izango".

Horregatik guztiagatik, sindikatu horrek paroak deitu ditu azaroaren 8rako, 11:00-12:30erako eta 13:45-14:45erako, eta elkarretaratzea 11:15ean Getxoko epaitegiaren atarian, Alcontzako lankideari babesa emateko, prozesu judizial guztiak bertan behera uzteko eskatzeko eta borroka sindikala delitua ez dela aldarrikatzeko.

Erlazionatuak

Alconza lantegiaren etorkizuna, borrokan

Iker Rincon Moreno 2022 eka 07 Berango

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun