Otxandategi dorretxea husteko operazioan bizi izandako errepresioa salatu eta borrokatzen jarraitzeko deia egin du Otxantegi Herri Lurrak

Iker Rincon Moreno 2024ko mai. 10a, 10:52

Atzo egindako elkarretaratzea, Berangon. © OTXANTEGI

Otxantegi Herri Lurreko kideek Otxandategi dorretxetik kaleratzeko Ertzaintzak erabilitako "gehiegizko" baliabideak eta "erabat soberan zegoen" indarkeria salatu dute: "lurrean zegoen jendea kolpatu, eserialdian zeudenak bortizki atera, irainak, irain patriarkalak, umiliazioa, isun bidezko mehatxua...". Emaitza argia izan zen: atxilotu bat, 40 lagun baino gehiago identifikatu eta bi zauritu. Horrez gainera, prentsari –HIRUKA barne– operazioan gertatzen ari zenaz zuzenean kontatzea eragotzi ziotela azpimarratu dute.

Otxandategi dorretxea husteko Ertzaintzak egindako operazioa salatzeko eta aurrera begira hirigintza proiektu "basatien" kontra borrokatzen jarraitzeko deia egiteko elkarretaratzea egin zuten atzo, eguenean, dozenaka lagunek Berangon. Horretan, poliziek erabilitako "indarkeria" salatzeaz gainera, jasotako elkartasuna nabarmendu zuten: "Erresistentzian elkarrekin egon ginen bezala, ostean datorrenari ere elkarrekin egingo diogu aurre".

Ildo horretan, dorretxea eta haren lurrak okupatu zituztenetik "ikasitakoak" nabarmendu zituzten, "espazioak, berau defendatzeko emateaz gainera, beste mugimendu batzuekin saretzeko aukera ere eman digu, elkar elikatzekoa". Horri esker, gainera, inguruko hirigintza "eredu suntsitzaile honen salaketak oihartzun handiagoa" sortu ahal izan duela nabarmendu zuten.

Era berean, eta aurrera begira jarrita, Otxandategitik kanporatu dituzten arren, borroka ez dela amaitu iragarri zuten: "Aitzitik, orain da gogorren borrokatu beharreko unea". Azaldu zutenez, lursaila behin hustuta dagoela, "denbora kontua besterik ez da" enpresa-eraikitzaile batek hori erostea eta bertan eraikitzen hastea. Hori dela eta, estrategia berriak marrazteko beharra azpimarratu zuten, "bai Otxantegiren markoan, bai Uribe Kostan".

Horren aurretik, eta kaleratzean jasoko dituzten isunei begira, Getxoko sanisidroetan egongo direla iragarri zuten, barikuan eta zapatuan, iluntzean, haiek ekoitzitako irinaz taloak egiten, baita hilaren 25ean ere, Leioako Kurkudiko azokan ere.

Erlazionatuak

Otxantegi Herri Lurra hustu du Ertzaintzak

Hodei Torres · Iker Rincon Moreno mai 07 Berango

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun