Berangoko Udalak jai-batzorde herrikoiaren egitaraua eten du, baimenik ez zutela argudiatuta

Ander Zarraga 2024ko uzt. 30a, 10:51

Hainbat berangoztarrek babestu zuten barikuan jai-batzorde herrikoiak bestelako jai-eredu baten alde egindako elkarretaratzea. © BERANGOKO JAI-BATZORDE HERRIKOIA

Udalak azaldu du erabaki hori hartu dutela nahitaezko baimenik ez duelako, segurtasun- eta higiene-arrazoiengatik eta elkarte gisa inskribatuta ez dagoelako. Aitzitik, jai-batzorde herrikoiko kideek deitoratu dute Udalagaz elkarlana sustatzen saiatu direla, eta beraien egitasmoa babesteko kontzentrazioa egin zuten barikuan, "beste jai-formatu bat lortze aldera".

Berangoko Santa Ana eta Santo Domingo jaiak Udalak antolatu ohi ditu. Hala ere, hainbat ahaleginen ostean, duela urte bi herritar talde batek jai-batzorde herrikoia osatu zuen, eta 2023an Udalak prestatutako ekintzakaz batera hainbat jarduera programatu zituzten, hala nola azoka, herri kirolen erakustaldia, umeentzako tailerrak, igel-toka txapelketa edo irrintzi lehiaketa. 

Herritar talde horrek azaldu duenez, orain arte, "Udalaren politika azpikontratatzea eta elkarte zein pertsona jakin batzuei baino ez zabaltzea izan da jaiak antolatzeko bidea". Hori dela eta, bestelako jai herrikoi eta parte-hartzaileak prestatzeko asmoa iragarri zuten, eta Udalaren programako hutsuneak beraien jarduerakaz bete zituzten; Udalaren ekintzetatik kanpo, baina elkar zapaldu gabe. 

Iaz inolako trabarik gabe ekintzak aurrera atera ahal izan zituztela ikusita, aurtengo jaiak baldintza berdinetan prestatzeari ekin zioten. Azaldu dutenez, "herritarren eta Udalaren arteko elkarlana bultzatzeko", Berangoko Udalarengana ere jo zuten, "baina hainbat oztopo medio eta udalarekin izandako komunikazio faltak bertan behera uztera behartu gaitu". 

Era berean, Udalak jakinarazpen ofizial bat helarazi zien adierazteko ezinezkoa zela egitaraua gauzatzea nahitaezko baimenik gabe, "baina inolako alternatibarik eman barik". Horregaz batera, Udalak publiko egin zuen idatzi bat herritarrak ohartaraziz "egitarau ofizial bat baino ez dagoela", eta dei egiten "baimenik ez duten jarduera horietan parte har ez dezaten".

Hala ere, azkenik, Udalak eta jai-batzorde herrikoiak bilera izan zuten aurreko astean, eta iragarri zuten hurrengo urteko jaiei begira, "denon artean talde-lana sustatzeko borondatea" adostu dutela, "beste jai-formatu bat lortze aldera".

Udalaren jakinarazpena

Berangoko Udalak jai-batzorde herrikoiari bidalitako jakinarazpena eskuratu ahal izan du HIRUKAk. Horren arabera, jaien egitaraua Kultura Zinegotzigoaren bitartez garatzeaz gain, segurtasun- eta higiene-arrazoiak direla-eta, ezartzen du jabari publikoan egiten den edozein jarduerak Udalaren nahitaezko baimena behar duela.

Zehazten du, jai-batzorde herrikoiak hainbat jarduera antolatu gura zituela udalaren nahitaezko baimenik gabe, "eta are larriagoa dena, ondorioz, segurtasun-, edukiera-, osasungarritasun- eta higiene-baldintza teknikoak betetzen direnik bermatu gabe". Gainera, Udalaren jakinarazpenak azaltzen du elkarte antolatzailea ez dagoela irabazi-asmorik gabeko elkarte gisa inskribatuta Eusko Jaurlaritza Elkarteen Erregistroan, ezta Udalean ere, "beraz, ez du nortasun juridikorik".

Bukatzeko, Udalak ondorengo ohartarazpena igortzen die jai-batzordeko kideei: "Beren jarrera eteten ez bada eta beren programan deskribatutako jarduerak ezkutuan eta Udalaren nahitaezko baimenik gabe egiten badira, Berangoko Udalak dagozkion zehapen-neurriak hartu beharko dituela, bai eta beharrezkoak diren kautelazko neurriak ere". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun