Manifestazio jendetsua Berangon Lantzarteko parkingaren aurka: "Badaude alternatibak. Auzoak erabaki dezala"

Hodei Torres · Ander Zarraga · Iker Rincon Moreno 2025ko mai. 9a, 11:24

Atzo arrastian, dozenaka auzokide bildu ziren Berangon, batzokiaren aurrean, Lantzarte auzorako Udalak dituen asmoen aurka protesta egiteko. Gobernu-taldeak (EAJ) 2.400 metro koadroko berdegune batean aparkaleku bat eta errepide berria eraikitzeko proiektua egin gura du, eta auzokideek salatu dute egitasmoa ez dutela gustuko, ezta ere hori aurrera eramateko Udalak egindako prozesua ere. "Udaletxetik proiektu zaharkitu bat inposatu nahi digute, bulegoetan diseinatua eta auzoaren zein herriaren iritzia kontuan hartu gabekoa", deitoratu dute herritarrek.

Manifestazioan, Lantzarte Bizirik auzo elkarteak prestatutako manifestua irakurri eta protestan jasotako herritarren babes zabal eta anitza eskertu zuten. Izan ere, elkartearen hitzetan, "Lantzarteko landak ez dira auzokideon kontua bakarrik; herriko naturagune esanguratsu hau guztion ardura da".

Aparkalekua herritarren iritzirik kontuan hartu gabe diseinatutako proiektua dela salatu zuten, eta, aldi berean, auzoaren eguneroko bizitza baldintzatuko lukeela ohartarazi ere. Azaldu zutenez, "aire garbia eta lasaitasuna kea, argia eta zaratagatik aldatzea" ez da etorkizun desiragarria, eta azpimarratu zuten Udalak klima-larrialdiaz oharturik egon arren, "zementuaren eta trafikoaren alde" egiten duela: "Eta gainera, hau guztia jasangarritasun eta interes orokorraren izenean mozorrotuta datorkigu. Sinestezina, benetan. Ez dezatela gutxietsi gizarte zibila. Ez gara hain leloak!".

Auzo elkartearen eskaera argia da: benetako parte-hartze prozesua martxan jartzea eta herritarren iritzia entzutea. Izan ere, gogoratu zuten Lantzarte Bizirik elkarteak hainbat proposamen egin dituela, baita ordezko proiektu bat ere, alde bien arteko adostasuna bilatu guran. Hala, proiektu bi horien –Udalarena eta elkartearena– artean bozketa garden eta ireki bat eskatu zuten: "Auzoak erabaki dezala".

Lantzarte Biziriken arabera, euren proposamena arkitektura bulego baten babesa eta 300 sinadura baino gehiago ditu, eta aparkatzeko lekuen ustezko arazoari konponbidea ematen dio, “auzoaren etorkizuna hipotekatu gabe”. Elkarteak, halaber, gogoratu zuen alkateak hitza eman zuela: alternatiba bideragarririk balego, auzokideek erabakiko zutela zein bideratu. Orain, hitz hori betetzea eskatzen diote: "Ausarta izan dadila".

"Lantzarte auzoaren birmoldaketa? Jakina baietz. Aukera aparta daukagu auzoa hobetzeko, bizigarriagoa egiteko eta auzokideon benetako beharretara egokitzeko. Baina, horretarako, bertokoen iritzi eta proposamenak kontuan hartu behar dira. Guztionak! Lantzarte Zaharra, Berria, Goikoa edo Behekoa... Denak gara auzo berbera", aldarrikatu zuten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun