Uribe Kostako jaiak 2025

Udako solstizio jaia egingo dute astelehenean Algortan

Erredakzioa 2025ko eka. 18a, 11:52

Udako solstizio jaia ospatuko dute berriro ere San Juan gauean, datorren astelehenean, Algortako San Nikolas plazan. Familientzako jaia izango da, Abian, Albe, Eskubeltz, Egizu,  Getxoko Etorkinak Federazioa, Haria eten barik, Itxartu, Mujeres con Voz eta San Nikolas Zabalik elkarteek antolatuta, Getxoko Udalaren eta Azebarri Kultur Elkartearen laguntzagaz. Egitaraua 18:00etan hasiko da.

Solstizio jaia 18:00etan hasiko da, umeentzako aurpegia margotzeko tailerragaz, eta ondoren, disko-festa, Boliviako eta Filipinetako dantzak eta txokolate-jana izango dira. 20:30ean bertsolarien saioa izango da, eta amaitutakoan, 21:00ak aldera, konjurua, Urdiaingo San Juan Kantaita eta dantzak suaren inguruan helduko dira.

San Juan gauaren beste ohiko ospakizun batzuk izango dira, Itxas Argiarena Malakaten eta Zubilleta jaien egitarauaren barrukoa.  

Segurtasuna eta prebentzioa

Bestalde, ohi bezala, Udaltzaingoak baimenik gabeko suteak zelatatu eta zigortuko ditu astelehen arrastian eta gauean. Aldi berean, suteen erretze kontrolatua zainduko du, istripuak ekiditeko. Udaltzaingoak, Ertzaintzaren laguntzagaz, prebentzio zerbitzua ere jarriko du abian hondartzetatik gertuen dauden tokietan, eta presentzia handituko du ospakizun tokietan, gerta daitezkeen istiluak eta herritarrentzako arazorik ekiditeko.

Adingabeei alkohola konfiskatzea eta debekatutako lekuetan kontsumitzea galaraztea indartuko dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun