Berangoko Udalak jaietako protokolo berria aurkeztu du indarkeria sexista saihesteko

Ander Zarraga 2025ko uzt. 21a, 10:33

Protokoloagaz bat egin duten Berangoko erakundeen ordezkariak. © BERANGOKO UDALA

Santa Ana eta Santo Domingo jaien atarian, Berangoko Udalak indarkeria sexistari aurre egiteko protokolo berria jarriko du abian. Ekimen honek jai eremu seguru eta berdintasunezkoak bermatu gura ditu, emakumeak, umeak eta LGTBI+ pertsonak erdigunean jarriz.

Berangon egun gutxi barru ospatuko dituzte Santa Ana eta Santo Domingo jaiak, eta aurten, berrikuntza garrantzitsu bategaz etorriko dira: indarkeria sexistaren aurkako jardun-protokolo berria. Udalak berak aurkeztu du neurria, genero berdintasunarekiko konpromisoa azpimarratuz eta aisialdiko guneetan segurtasuna bermatzeko helburuagaz.

Hala, eremu publikoetan segurtasun-baldintza berdinetan gozatzeko eskubidea denona dela azpimarratu dute: "Gazteena, helduena eta, bereziki, emakumeena eta LGTBI+ kolektiboarena". Protokolo honen bidez, jaietan gertatzen diren indarkeria sexistako egoerak aurreikusi, detektatu eta modu koordinatuan eta eraginkorrean artatzeko neurriak ezarriko dituzte, betiere biktimen babesean eta erasotzaileen gaitzespen argian oinarrituta. Udalaren aburuz, "sistema patriarkalak normalizatu egiten ditu halako jarrera eta gertakariak, eta horregatik funtsezkoa sozializazio-espazio parekideak eraikitzea".

Gaineratu dutenez, jardun-protokoloa ez da Udalaren ekimena bakarrik izango; izan ere, Berangoko 15 kolektibo eta elkarte inguruk osatuko dute jaietan indarkeria matxistaren aurkako jardun-komisioa. Horien artean hauek daude: Emakumeen Elkarte Kulturala, Karabiazpi pentsiodunen elkartea, Simon de Otxandategi Dantza Taldea, Zutik esku pilota taldea, Karabigane kirol kluba, Kandaru kultura elkartea, Sei Herri elkartea, Berango-Merana ikastetxeko guraso elkartea, Wabi-Sabi heziketa eta jolas errespetuzkoaren aldeko elkartea, atletismo eta txirrindulari taldeak, herri kirol taldeak eta Lotxariena eskubaloi kluba. Era berean, jai-batzordea osatzen duten talde politikoak eta Berangoko Udala bertan izango dira.

Bukatzeko, Udaletik azpimarratu dutenez, "helburua jaiak guztiontzat seguruak eta errespetuzkoak izatea da. Hori lortzeko, funtsezkoa da herritarren eta kolektiboen parte-hartzea, eta erasoren bat gertatuz gero, erantzun kolektibo, enpatiko eta koordinatua ematea". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun