Elkarrizketak

Itziar Aginagaldek legegintzaldiaren balantzea egin du: "Berango udalerri irisgarriago, jasangarriago eta inklusiboago baterantz doa"

Iker Rincon Moreno 2025ko uzt. 18a, 10:00

Itziar Aginagalde, artxiboko irudian. © EAJ

Itziar Aginagalde Berangoko alkateak legegintzaldiko lehen urte bien balantzea egin du, eta egindako eta abian jarritako hainbat proiektu nabarmendu ditu. Bere ustez, proiektu horiek erakusten dute gobernu-taldeak udalerriko bizi-kalitatea hobetzeko duen "konpromisoa".

Etorkizuneko mugarrietako bat Ikaza jauregia birgaitzea dela nabarmendu du, 2026rako aurreikusita dagoena. Bertan, liburutegi bat, Burdin Hesiaren Oroimenezko Museoa, erabilera kultural-artistikoko erabilera anitzeko aretoak eta ostalaritza-gune bat egongo dira. "Badugu aurreproiektua, eta datorren urtean hastea espero dugu", iragarri du Aginagaldek.

Uda honetan hasi da, halaber, Lantzarte auzoaren birgaitze integrala, oraindino egokitzeko zegoen azkena, eta zalaparta handia sortu du auzotarren artean, aukeratutako proiektuagaz bat ez egoteagatik eta haien iritzia kontutan hartu ez delakoan. Esku-hartzeak aparkaleku-eremu zabala eta irisgarritasunera, funtzionaltasunera eta auzo-ongizatera bideratutako hirigintza-eraldaketa aurreikusten ditu.

Gizarte eta berdintasun politiken esparruan, udalerriko genero mapa bat egin dela gogoratu du, "entzute aktiboko prozesuak" oinarri hartuta, bereziki emakumeentzat arriskutsuak diren puntuak identifikatuz. Horren ondorioz, argiztapen-puntu berriak eta zebrabideetako argi-seinaleak jarri eta oztopo arkitektonikoak kendu dituzte.

Mugikortasun iraunkorra da beste jarduera-ardatzetako bat. Berangok daborduko badu BizkaiBizi bizikleta publikoaren zerbitzua, Sopelagaz lotutako bizikleta bidezko bidegorri bi eta aparkaleku seguru bi (BiziPark). Gainera, Auzotaxi zerbitzuak adinekoen edo mugikortasun urriko pertsonen joan-etorriak errazten dituela gogoratu du.

Herritarren parte-hartzeak ere protagonismoa hartu duela ziurtatu du, hala nola prozesu eta aurrekontu parte-hartzaileak, elkarteakaz hitz egiteko guneak eta jai-batzordearen sorrera nabarmenduta. "Herritarrak parte aktiboa dira erabakiak hartzerakoan", adierazi du alkateak.

Azken jarduketen artean, honako hauek nabarmendu ditu: txakurren aisialdirako gune bat sortzea Santa Anan, eremu ludiko berriak Elexalden, autokarabanentzako aparkaleku bat, haurrentzako rokodromo bat Berangoetan, hobekuntzak haur-parkeetan eta laster haur eta gazteentzako gune baten irekiera Etxebarrin. Halaber, ibai-pasealeku bat egingo dutela iragarri du, Itze ibaiaren ondoan.

Arlo ekonomikoan, Udalak tokiko ehun ekonomikoaren gida bat argitaratu du, merkataritza ikusarazteko eta barne-kontsumoa sustatzeko. Gainera, babestutako etxebizitzaren aldeko apustua azpimarratu du: joan den ekainaren 15ean Otxabeneko 38 Tasatutako Etxebizitza Publikoak zozkatu (TEP) ziren, Berangon erroldatutako pertsonak lehenetsiz. Era berean, aurrera doaz alokairu erregimenekoak izango diren Areneko 11 TEP-ak , eta Etxebarriko II. sektorean obrak hastea eta Otxandategi behin betiko birpartzelatzea espero du, 200 etxebizitza babestu berri baino gehiago gehituta.

Kultur eta kirol eskaintza "Berangoko nortasunaren zigilu" gisa mantentzen dela ziurtatu du alkateak. Hainbat instalazio hobetu dituzte, hala nola Kirolgunea —harmailetako hesi berria, zorua aldatzea, aldagelak eta dutxak hobetzea—, futbol-zelaia eta gimnasioa. Laster padel-pistak estaliko dituztela iragarri du, eta Ansoleaga Antzokiaren fatxada eta estalkia zaharberritu direla azaldu du.

"Gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren aldetik iraunkorra izango den Berango bat nahi dugu, hartuko duena, inklusiboa izango dena eta bizi-kalitatea eskainiko duena. Hori da helburua ", amaitu du Aginagaldek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun