Egun horretarako antolatutako festa-azokan, iritzi eta ekarpen ugari jaso zituzten horretarako prestatutako guneetan. Eskolako arduradunek azaldu dutenez, gunerik arrakastatsuenak Elementuen eta Detektibe guneak izan ziren. Lehenengoan, parte-hartzaileek hainbat proposamenen artean –hala nola urmaela, gordelekuak, aldapak, tirolina, zumitzez egindako tunela, bizikleten aparkalekua, eta abar– bozkatzeko aukera izan zuten. Bestalde, Detektibe gunean, ikasleek eskolako jolastokiko irisgarritasun-oztopoak ikertzeko aukera izan zuten: gurpildun aulkian edo begiak estalita ibilbide ezberdinak eginez, eta bertan sumatutako oztopoak identifikatuz.
Datozen asteetan, jasotako iritzi, ideia, zalantza eta kezkak guztiak laburbildu eta komunitateari jakinaraziko dizkiote, aurreikuspenen arabera, abendurako.
Ikastetxeko kideek azaldu dutenez, helburua ez da soilik jolastokia bera berritzea, «udalerriarentzako azpiegitura berde» bat sortzea baizik. Proiektuaren bidez, eskolako jolastokia herriaren ikuspegi integral baten barruan ulertu gura dute, ekosistema naturalak integratuz eta hezkuntza, ekologia eta komunitatearen arteko loturak indartuz.