Berangoko Udalak gur bertan abiatu du herriko aurrekontu parte-hartzaileen bigarren fasea, eta herritarrek otsailaren 1era arte izango dute aukera euren proiektu gogokoenak hautatzeko. Guztira, 150.000 euroko partida bideratuko du Udalak prozesu honetatik ateratako egitasmoak gauzatzeko.
Udaleko iturriek azpimarratu dutenez, aurten ere, parte hartzea oso handia izan da, izan ere, guztira 763 proposamen jaso dituzte, eta horien artean hautatu dituzte sei proiektu finalistak, bideragarritasun teknikoa zein ekonomikoa kontuan hartuta. Hala, azken fase honetan, herritar bakoitzak hiru aukeratu beharko ditu aurkeztutako sei egitasmoen artetik.
Finalera iritsi diren proiektuen artean, Otxabene inguruak garrantzia berezia dauka, bertan jolas-parke berri bat eraikitzea (95.000 euro) eta lorategiak zein berdeguneak berreskuratzea (46.000 euro) proposatu baitute. Horregaz batera, herritarrek 'skill park' gune baten sorkuntza, Moreagan komun publiko bat jartzea edota udako zinemaren jarraipena bozkatu ditzakete. Horiekaz batera, egungo erronka klimatikoari aurre egiteko, babes klimatikoen mapa bat osatzea eta markesinetan zein jolas-eremuetan ur nebulizatuaren sistemak jartzea ere daude aukeren artean. Udaletik gogorarazi dute finalera heldu ez diren proposamen bideragarriak ere kontuan hartuko dituztela urtean zehar.
Bozketan parte hartu gura duten pertsonek 16 urte edo gehiago izan beharko dituzte eta herrian erroldatuta egon beharko dira. Era berean, prozesua errazteko hainbat bide egongo dira: alde batetik, botoa fisikoki eman ahalko da herriko puntu desberdinetan jarritako kutxatiletan edota urtarrilaren 22an eta 23an Sabino Aranan, Axganen eta Lantzarten jarriko diren informazio-karpetan. Bestetik, bide telematikoa ere erabili ahalko da udalaren webgunearen bidez, QR kodeak erabiliz edo helbide elektroniko bidez.
Horretaz gain, udalak beste 10.000 euro bideratuko ditu umeen kolonietan sortutako ideiak aurrera eramateko, hala nola kirol hobekuntzak, bidegorrien seinaleztapena edota Antzokiko euskarazko zinema emanaldiak.