Berangoko EH Bilduk salatu du XVI. mendeko Goikoerrota bota dutela, "lizentziak zaharberritzea" baino ez zuenean onartzen

Ander Zarraga 2026ko otsailaren 26a

Berangon bota duten errotaren lehen aipamena 1588eko ezkontza-kontratu batekoa da.

Berangoko EH Bilduk salatu du Goikoerrota baserriari lotutako XVI. mendeko errota eraitsi dutela, Bizkaiko udalerri horretan zutik geratzen ziren bost errota historikoetako bat. Koalizio soberanistaren arabera, eraikina "1588ko ezkontza-kontratu batean" daborduko aipatzen zen, eta ondare-balio handiko elementutzat jotzen zuten bai tokiko katalogazioek, bai erakundeen txostenek.

Koalizioko kideen esanetan, Berangoko gobernu-taldeak eraikina zaharberritzeko lizentzia eman zuen aurrez Bizkaiko Foru Aldundiaren txostena jasota. Txosten horretan, Aldundiak nabarmendu zuen "edozein esku-hartzek" helburu argi bat izan behar zuela: "Eraikinaren balio kultural eta ondarezkoak kontserbatu, berrerabili eta agerian jartzea". Udal lizentziak, gainera, "baserriaren zaharberritzea" baimentzen zuen, eta, EH Bilduren arabera, XIX. mendeko eranskin batzuk botatzeko aukera jasotzen zuen arren, "errota bera eta XVI. mendeko beste eranskin bat mantendu behar zirela" azpimarratzen zuen.

Hala ere, koalizioko ordezkariak bertaratu eta "baserria, eta, beraz, errota ere, eraitsita" dagoela egiaztatu dute. Horregatik, EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio Udalari: "Lizentzia zaharberritzeko eman bazen, nola azaldu daiteke eraisketa?". Koalizioak gaineratu du otsailaren 6an obren espedientea ikusteko eskatu zutela eta obren egoerari buruzko informazio eguneratua eskatu ziotela udalari, baina oraindik ez dutela erantzunik jaso.

Salaketaren harira, EH Bilduk ohartarazi du ondare-eraikin batean egindako esku-hartzeek "berme, jarraipen eta gardentasun" handiagoa behar dutela, eta Berangoko Udalari eskatu dio espedientearen dokumentazioa eskuragarri jartzeko eta obren gaineko informazioa argitzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun