Elkarrizketak

Lantzarte Bizirik: "Isunek berriro ireki dute zauria auzoan"

Izaro Garcia 2026ko maiatzaren 13a

Lantzarte Bizirik aparkalekuaren aurka egindako protesta, artxiboko irudian.

Lantzarte Bizirik elkarteak salatu du parkingaren obrak geldiarazten saiatu ziren auzokideei isun "larriak" ezarri dizkietela. Zigortuen artean adin guztietako herritarrak daudela azaldu du Ianire Barturen elkarteko idazkariak, eta gertatutakoa "erabat espontaneoa eta baketsua" izan zela azpimarratu du.

Barturenen arabera, guztira hogei bat pertsonak jaso dituzte isunak. Zigortutakoen artean gazteenek hogei urte pasatxo dituzte eta zaharrenak ia laurogei. Gehienak, hala ere, 35 eta 50 urte arteko auzokideak direla azaldu du. "Auzoari oso lotutako jendea da”, dio.

Administrazioak egotzitakoaren arabera, protesta egun hartan auzokideek obra geldiarazi zuten, eta horregatik ezarri zaie zehapen larria. Hala ere, elkartearen esanetan, egoera ez zen aurrez prestatutako mobilizazio bat izan, unean bertan sortutako erreakzio kolektiboa baizik.

"Umeak negarrez hasi ziren”

Protesta San Domingo egunean gertatu zela gogoratu du Barturenek. Umeak dantzatik bueltan zetozela, makineria zuhaitzak erauzten hasi zela azaldu du. "Umeak garrasika, negarrez eta hesiak kolpatzen hasi ziren. Hesiak jausi ziren eta barrura sartu ginen”, kontatu du.

"Umeak garrasika, negarrez eta hesiak kolpatzen hasi ziren. Hesiak jausi ziren eta barrura sartu ginen”

Elkartearen arabera, inork ez zuen une hartan ondorio legalik espero. Horregatik, isunak jasotzea kolpe handia izan dela aitortu dute. Bereziki hunkigarritzat jo dute auzoko pertsona zaharrenen egoera. "Urte asko eman dituzte zuhaitz horiek zaintzen, eta han egon ziren gurekin min hori jasaten”, azaldu du Barturenek. Umeen erreakzioa ere bereziki gogorra izan zela dio.

Bide judizialari dagokionez, elkarteak maiatzaren 4an aurkeztu zuen salaketa formala. Orain arte epaitegia jasotako informazioa aztertzen aritu dela azaldu dute, auziaren bideragarritasuna baloratzeko. Egun bakarrera iritsi ziren isunen jakinarazpenak: maiatzaren 5ean atera ziren, eta jakinarazpen elektronikoak ostiralean heldu zitzaizkien.

"Udalak aspaldi itxi zuen elkarrizketarako bidea”

Lantzarte Bizirikeko ordezkarien arabera, Udalagaz izandako harremanak ez dira errazak izan azken hilabeteetan. Hasieran bilerak egin zituztela azaldu dute, baina denboragaz argi ikusi zutela "ez zegoela ezer garrantzitsurik aldatzeko asmorik”.

"Haientzat obrak hasi baino lehen dena hitz eginda zegoen”, dio Barturenek. Horregatik, auzokideen eskaerek ez dutela benetako eraginik izan sentitzen dute.

Aparkalekuaren eraikuntzak auzoaren egunerokoan aldaketa handia ekarri duela ere salatu dute. Lehen lasaiagoa zen eremu bat zela azaldu dute, umeek kalean jolasten zuten tokia eta trafiko gutxikoa. Orain, ordea, "auto eta trafikoari keinu egiten dion auzo" bihurtu dela diote. Trafikoa handitu egin dela eta berdeguneak nahiz jolasteko espazioak murriztu direla salatu dute.

"Nahiko lasai geunden prozesu judiziala aurrera zihoalako eta beste auzo-lan batzuetan zentratuta geundelako, baina gertakari honek zauria berriro ireki du”

Isunek, gainera, azken hilabeteetan baretu samarra zegoen gatazka berpiztu dutela uste dute. "Nahiko lasai geunden prozesu judiziala aurrera zihoalako eta beste auzo-lan batzuetan zentratuta geundelako, baina gertakari honek zauria berriro ireki du”, azaldu du Barturenek.

Azkenik, elkarteak nabarmendu gura izan du protesta une oro baketsua izan zela eta zigorrak "modu espontaneoan sortutako egoera baten ondorio"direla. Haien ustez, isunek agerian uzten dute administrazioaren jokatzeko modua eta auzokideen mobilizazioarekiko duen jarrera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun