Lantzarte Bizirikek kontzentrazioa deitu du auzokideei ezarritako isunak salatzeko

Izaro Garcia 2026ko maiatzaren 22a

Plataformak herritarrak mobilizazioan parte hartzera animatu ditu.

Lantzarte Bizirik elkarteak kontzentrazioa deitu du ekainaren 4rako, eguena, 19:00etan, Berangoko frontoian, Lantzarteko berdeguneen defentsan aritu ziren auzokideei ezarritako isunak salatzeko. Plataformak zabaldu duenez, zehapenak 10.000 eurora iristen dira guztira.

Isunak Lantzarteko aparkalekuaren obren testuinguruan gertatutako protestagatik ezarri dituzte. Egun hartan, makineria zuhaitzak erauzten hasi zenean, hainbat auzokide hurbildu ziren obra-eremura, egoeraren aurrean haserrea eta ezinegona adierazteko.

Lantzarte Bizirikek azpimarratu du gertatutakoa ez zela aurrez prestatutako ekintza bat izan, unean bertan sortutako erreakzio "espontaneoa eta baketsua" baizik.

Elkartearen arabera, hogei bat lagunek jaso dituzte isunak, adin askotako auzokideek. Administrazioak egotzitakoaren arabera, protestak obrak geldiarazi zituen, eta horregatik ezarri dizkiete zehapenak. Plataformak, ordea, herriko berdeguneak defendatzeagatik zigortzea "onartezina" dela salatu du.

Kolektiboak galdera hau plazaratu du: "Natura defendatzeagatik, suntsitzen duenak ezarria?". Horregatik, herritarrak mobilizazioan parte hartzera animatu dituzte, isunak salatzeko eta Lantzarteko berdeguneen aldeko aldarria berriro kalera ateratzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun