Polizien deklarazioakaz eta defentsaren kexakaz hasi da Berangoko ongietorriagatik auzipetutakoen kontrako epaiketa

Ander Zarraga 2026ko ekainaren 9a

Epaiketa ekainaren 8tik 26ra bitartean egingo dute Espainiako Auzitegi Nazionalean.

Hasi da Ibai Aginaga euskal preso ohiari Berangon ongietorri ekitaldi bat egiteagatik auzipetu dituzten 16 lagunen kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Atzo, ekainak 8, egin zuten lehenengo saioan ikerketa-lanetan aritu ziren guardia zibilek, Espainiako poliziek eta ertzainek deklaratu zuten. Fiskaltzak bi urte eta bederatzi hilabetera arteko espetxe-zigorrak eskatzen ditu akusatuentzat "terrorismoaren gorazarre" delituak leporatuta, baina defentsak epaiketa bertan behera uzteko eskatu du, akusatuen aurkako froga zehatzik ez dagoelako.

Epaiketak ez zuen ohiko hasiera bat izan, tentsio uneak bizi izan baitziren hizkuntza dela eta; izan ere, Berria egunkariak jaso duenez, Ibai Aginagaren defentsa abokatuak euskaraz hitz egin zuenean, Fernando Andreu epaimahaiburuak behin eta berriro eten zion eta, itzulpen baliabideak bazeudela gogoratu zionean, epaileak gaztelaniaz egiteko agindu zion modu txarrean, eta azkenean salatik bota zuen, ondorioz Garbiñe Gomez abokatuak hartu zuen Aginagaren defentsa.

Polizia bakar bat bera ere ez zen frontoi barruan egon eta kanpokoek ez zuten ezer entzun, baina, hala ere, txostenetan jasotako adierazpen moztuak dira akusazioaren oinarri nagusia.

Gomezegaz batera, beste lau defentsa abokatu aritu ziren polizien txostenetan zirrikituak topatu nahian, eta agerian utzi zutenez, polizia bakar bat bera ere ez zen frontoi barruan egon eta kanpokoek ez zuten ezer entzun, baina, hala ere, txostenetan jasotako adierazpen moztuak dira akusazioaren oinarri nagusia. Poliziek aitortu dute "kolaboratzaile" batek egindako grabazio batetik atera zituztela pasarteak, baina grabaketa bera ez dute txostenetan jaso ezta da froga gisa aurkeztu ere; gainera, zenbait agentek onartu dute eurek ere ez dutela audio hori entzun.

Diego Catril defentsa abokatuak gogor salatu du oinarrizko eskubideen urraketa eta epaiketa bertan behera uzteko eskatu du froga zehatzik ez dagoela argudiatuta, baina epaimahaiak ez du eskaera kontuan hartu. Frontoiaren barrualdean gertatutakoari dagokionez, poliziek soilik esan dute aurresku baten musika, Eusko gudariak abestia eta "Borroka da bide bakarra" edo "Jo ta ke, irabazi arte" bezalako oihuak entzun zituztela, eta ikusmenezko datu bakarra El Correo komunikabideak argitaratutako irudi bat dela, ateak eta leihoak tapatuta baitzeuden, nahiz eta sartzerakoan Aginagari "ohorezko pasilloa" egin ziotela aipatu duten.

📹 Hegoi Uriarte, Berangoko auzipetuetako bat, epaiketara sartu aurretik.@auzipetuak pic.twitter.com/2kQlue2vQn

— Gedar.eus (@GedarLangileKZ) June 8, 2026

Ekitaldiaren aurreko uneei dagokienez, akusazioa kalean pankartak jartzean oinarritzen da eta Hegoi Uriarte akusatua "antolakuntzako kide" gisa identifikatu dute frontoia erabiltzeko baimena eskatu eta jendea bideratzeagatik. Defentsak ekitaldia publikoa ala pribatua zen galdetu duenean, polizietako batek adierazi du bertaratuak, "ezagunak" izango zirela. Era berean, frontoitik atera ostean taberna batean egindako ustezko jarraipenean "Gora ETA militarra" oihukatu zela egotzi diete zenbait laguni, baina abokatuek oihu horiek egin zituztenak identifikatuta al dauden galdetzean, poliziek ezezko borobila eman dute.

Ezker abertzalearen "disidentzia"

Fiskaltzak eta Guardia Zibilak norbanakoen akusazioetatik haratago jo dute eta ezker abertzalearen "disidentzia" jarri dute jomugan, Jardun koordinakundea, Tinko eta Gasteizko Elkartasun Komitea behin eta berriz aipatuz. Polizien arabera, talde hauek ez dute bat egiten euskal presoei harrerak modu pribatuan egiteko ezker abertzale tradizionalaren erabakiagaz, amnistia osoa defendatzen dute eta sare sozialetan ekitaldiaren berri eman zuten lehenak izan ziren, nahiz eta defentsak frogatu duen kartel eta txio horietan ez zela leku edo ordu zehatzik argitzen eta talde hauen eta akusatuen arteko lotura argirik ez dagoela. Lotura falta horren adibide gisa, polizia batek nahastu egin ditu Berangoko Kandaru kultur elkartea eta Gasteizko Elkartasun Komitea, eta abokatuak Uriarte Berangokoa dela eta Gasteiztik urrun dagoela gogorarazi dionean, agenteak erantzun du bera Madrilgoa dela baina Bartzelonako futbol taldekoa.

Azkenik, fiskaltzagaz batera herri akusazio gisa agertu diren Dignidad y Justicia elkarteak, Vox alderdiak eta Villacisneros fundazioak apenas egin zuten galderarik atzoko saioan, eta, bitartean, Auzitegi Nazionalaren kanpoaldean dozenaka lagun bildu zire 16 auzipetuei elkartasuna eta babesa adierazteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun