Berangoko ongi etorriko auzipetuak: "Herriaren erantzuna auzi hau irabazteko berme bakarra bezala ikusten dugu"

Ander Zarraga 2026ko maiatzaren 22a

Otsailean, hainbat herritar batu ziren Berangon, auzipetuei elkartasuna adierazteko agerraldian. © BEK

Lau urteko itxaronaldi luzearen ostean, ekainaren 8tik 26ra bitartean egingo da Espainiako Entzutegi Nazionalean Ibai Aginagalderen ongi-etorriagatik epaiketa. Berangoko eta eskualdeko 16 herritarren aurkako epaiketaren azken helburua "antolatzeko, biltzeko eta manifestatzeko oinarrizko eskubideen kontrako eraso zuzena" dela salatu dute, eta hori gizarteratzeko eta prozesuaren gastuei aurre egiteko,, manifestazioa egingo dute maiatzaren 30ean Algortako Telletxe plazatik abiatuta, 18:00etan.

Epaiketa ekainaren 8tik 26ra bitartean izango dela iragarri zenuten. Lau urteren ostean, nola aurkitzen zarete 16 auzipetuak?

Holango prozesu judizialek nekeza eta ezinegona sortzen dute, batetik, denboran lau urte luzatu delako, eta, bestetik, ezarri ahal diguten zigorra gure etorkizuna baldintzatu ahal digulako. Hala ere, esan behar dugu epaiketari aurre egiteko indarrez betetzen gaituela jendearen eta eragile desberdinen babesak; bai prentsaurrekotan ikusi zen bezala, baita Euskal Herri osotik egin ditugun hitzaldietan, edota Urdulizko Elkartasun Eguna eta burututako beste ekimenetan ere. Herri zapaldua garen heinean, danon kontrako eraso bat dela ikusi du jendeak.

"Epaiketari aurre egiteko indarrez betetzen gaitu jendearen eta eragile desberdinen babesak"

Albiste berririk izan duzue epaiketaren inguruan?

Dakiguna da ekainaren 8, 15, 18, 24, 25 eta 26an egingo dela. Lehenengo eta hirugarren asteak San Fernandoko egoitzan, eta bigarren asteko egunak Genova kaleko egoitzan. Salaren aurreikuspenaren arabera antolatuta daude egunak: polizien deklarazioak, txostenak, frogak, gure deklarazioak eta ondorioak. Epailea Fernando Andreu izango da.

Urdulizen egindako agerraldian esan zenuten hau "antolatzeko, biltzeko eta manifestatzeko eskubideen zapalkuntza-saiakera" ari dela izaten. Beldurra zabaltzea al da auzi honen azken helburua?

Argi ikusten dugu auzi honen atzean oinarrizko eskubideen kontrako eraso bat dagoela. Kontuan izanda Ibai Aginaga 21 urteren ostean (horietako 19 preso) Berangora itzuli baino hilabete lehenago ongi-etorriak legez kanpo uzteko bosgarren saiakera egin zutela, agerikoa da daukaten helburu errepresiboa; VOX alderdiak eta beste erakunde ultraeskuindar eta faxista batzuek ongi-etorriak debekatzeko ahaleginak egin arren, horiek ez zituzten onartu. Gainera, poliziaren txostenetan agerian geratzen da ongi etorrian egindako adierazpen batzuez gain, beste guztia hortik kanpo burututako militante politiko desberdinen, mugimendu antierrepresiboen eta eragile zein ekimen politikoen (manifestazioak, mahai-inguruak, prentsaurrekoak…) kontrako jazarpena dela. Zigorren mehatxuaren bitartez beldurra zabaltzea da helburua, estatu espainiarrak zein frantsesak Euskal Herriarekiko darabilten asimilazio-prozesua burutu ahal izateko lanabesa, hain zuzen ere.

Maiatzaren 30erako manifestazioa deitu duzue Berangon. Zer eskatuko duzue kalean eta nori zuzentzen zaio deialdi hori?

"Eskubide zibil eta politikoen defentsan! ….Amnistia osoa!" leloarekin bat egiten duen eragile, erakunde eta norbanako guztiei dei egiten diegu manifestazioa eurona ere egin dezaten eta beraien ikurrak, aldarriak eta banderak ekartzeko gonbidatzen ditugu! Azken finean, oraingoan, guri egokitu bazaigu ere, ezin dugu ahaztu horrelako eraso errepresiboen erroan Euskal Herriak pairatzen duen zapalkuntza nazionala dagoela. Horregatik, amnistia aldarrikatzen dugu, errepresaliatuen etxeratzeaz gain, espainiar eta frantziar estatuen zapalkuntza gainditzerakoan soilik lortuko dugulako eskubide zibil eta politikoak bermatuta izatea.

"Argi ikusten da auzi honen atzean oinarrizko eskubideen kontrako erasoa bat dagoela"

Eskualdeko babesa oso garrantzitsua izaten ari da. Duela gutxi ehunka lagun batu zenituzten Urdulizen; zer garrantzi du herri-erantzunak prozesu honetan?

Eskualdekoaz gain, Euskal Herri osotik eta nazioarte mailan ere babesa jasotzen ari gara. Horrek erakusten du zein errotuta dagoen oinarrizko eskubideen defentsa eta zapalkuntza ororen kontra altxatzeko eskubidearen zilegitasuna. "Ez dira 16, herri bat gara!" leloa irakurri ahal izan dugu Berangoko hormaren batean. Galderari erantzunez, herriaren erantzuna auzi hau irabazteko berme bakarra bezala ikusten dugu.

Manifestazioaz gain, beste ekimenik edo dinamikarik martxan jarri duzue auzia gizarteratzeko eta gastu juridikoei aurre egiteko?

Sare sozialetan gaude, eta guri sostengua emoteko eta auzi honen barri izateko iaz Berangokoekin Elkartasun Komitea sortu genuen; kontu korronte bat ere zabaldu dugu epaiketa honek sortutako gastuei aurre egiteko. Era berean, Irlandan, Italian, Venezuelan, Uruguain… espainiar enbaxaden aurrean kontzentrazioak egin dituzte kasu hau salatzen. Horrez gain, 30 bat hitzaldi ere burutu ditugu orotara Euskal Herri osoan zehar, Berangoko jaietan txosna ipini dogu, komunikabide desberdinetan elkarrizketak ere egin ditugu, bai Euskal Herrian zein atzerrian. Datorren zapatuan, maiatzak 23, goizeko 11:00etan auto-karabana bat dago antolatuta Plentziatik zein Erandiotik aterako diren zutabeetan, Berangora joateko, eta maiatzaren 30ean, manifestazio nazionala arratsaldeko 18:00etan Algortako Telletxetik abiatuta.  

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun