Udalak azaldu duenez, Moreaga kalean, anbulatorioaren inguruan eta parkearen sarreraren ondoan kokatutako radar "zigortzailea" izango da. Tarte horretan, 30 kilometro orduko abiadura-muga ezarrita dago, eta, hori errespetarazteko asmoz, radar berria jartzea erabaki du Udalak.
Radar berriaren helburua inguruko segurtasuna indartzea eta arrisku-egoerak saihestea izango da; izan ere, bertan haur-parkea, adinekoentzako gimnasia-gunea, anbulatorioa eta txakurrentzako aisialdi-eremua daude. Gainera, kale horretan udal-ekitaldiak ere egiten dituztela adierazi dute; beraz, askotan, oinezkoen presentzia handia izaten da.
Honekaz, Berangok bere hirugarren radarra izango du. 2024an, bat jarri zuten Simon Otxandategi, Armuru Bidea eta Lukategi kaleen arteko bidegurutzean; eta, 2020an, Sabino Arana kaleko 10. zenbakiaren parean, beste bat. Azken honi esker, 2023an bakarrik, 1.588 salaketa jarri ziren; detektatutako abiadura handiena 51 kilometro ordukoa izan zen. Gainera, salatutako gidarien %3,4 baino ez ziren Berangoko bizilagunak.
Udalaren arabera, radarrak jartzearen arrazoi nagusia istripu-tasa handiko guneetan ezbehar kopurua murriztea eta ibilgailuen abiadura moteltzea da. Moreaga kaleko radarra oraindino homologazio-prozesuan dago, baina helburu bera izango du.