Ekitaldian hainbat jarduera egin zituzten, nola elikatzen garen, zer kontsumo-eredu dugun eta hurrengo belaunaldientzat zer etorkizun eraikitzen ari garen hausnartzeko.

Helburu horiekaz, umeei plateretik haratago begiratzen irakatsi zieten, baita La Via Campesinak definitutako elikadura-subiranotasunaren kontzeptua ezagutarazi ere. Egun osoan, herriek zer jan eta elikagaiak nola ekoitzi erabakitzeko duten eskubideaz hitz egin zuten, elikadura "osasuntsu", "elikagarri" eta "tokiko lurraren aldeko" baten bidez komunitatearen "autonomia" bermatzearen garrantzia azpimarratuz.
Egunean zehar, eskolako baratzera hurbildu eta lurrarekiko eta elikagaiekiko harremana sustatzeko aukera izan zuten. Horrez gain, elikagaiak partekatzeko, ikasteko eta horiek prestatzeaz gozatzeko jarduerak egin zituzten, baita "Geure bazkarie" bideokliparen proiekzio ofiziala ere.
Eskolaren borroka
Berango-Merana eskolako familiek azaldu dutenez, urte asko daramatzate aldarrikapen beragaz: eskola-jantokiak ez duela katering-zerbitzu hutsa izan behar, hezkuntza-espazio osasungarri, hurbil eta komunitarioa baizik.

Nabarmendu dutenez, Hezkuntza Sailak proiektu hori behin baino gehiagotan onartu du, baina prozesuak beti atzerapenak izan ditu. Azkenekoz, 2021ean onartu zuen, eta aurten oraindino euren seme-alabei "eskubidez eta osasunez" dagokiena eskatzen jarraitzen dutela salatu dute.
"Eskola-elikadura janaria zerbitzatzetik askoz harago doala aldarrikatzen dugu: elikagaien jatorriarekin konektatzeko, haurtzarotik ohitura iraunkorrak sustatzeko eta hurbileko eta kalitatezko produktuen aldeko apustua egiteko hezkuntza-aukera bat dela defendatzen dugu, eskola-elikadura osasungarria ezinbestean sukalde propio batetik hasten delako", azpimarratu dute.