
Euren hitzetan, zapatu horretan bizitako giroa "oso polita" izan zen, eta parte-hartzaileek ere txapelketaren formatua oso positiboki baloratu zuten. Hasieran, ez zekiten zer-nolako harrera izango zuen topaketak, baina behin eginda, badakite jarraipena ematea gura dutela. Euren helburua 50 urte edo gehiago dituzten eta bizitzako momenturen batean palan aritu diren emakumeak elkartzea, elkar ezagutzea eta euren buruei omenalditxo bat egitea izan zen, eta hori guztia berehala lortu zutela ospatu dute: "Gu 12 edo 13 urtegaz hasi ginen frontoian, eta matxismoaren atzaparrak bizi izan genituen. Eta, orain, 50 urte edo gehiago ditugula, oraindino frontoian jarraitzen dugu".
Izan ere, antolatzaileen arabera, elkartu bezain pronto, giroan "magia" moduko bat sumatu zuten. "Batzuk lehendik ezagunak ginen, baina beste batzuk han bertan ezagutu genuen elkar, eta betidanik ezagutuko bagenu bezala egon ginen", azaldu dute. Parte-hartzaileek ere sentsazio bera izan zutela dirudi; izan ere, egun hartan bertan hainbat emakume hurbildu zitzaizkien zorionak ematera, formatua, antolakuntza eta bizitako esperientzia txalotuz.

Jokatzeaz gain, aurreskuak eta sari-banaketak ere izan zuten lekua topaketan. "Niri, adibidez, aurreskua datorkit burura", adierazi du Ibañezek. Topaketari amaiera emateko, aurresku bat dantzatu zuten. "Parte-hartzaile eta antolatzaile guztiak han geunden, eta aurreskuak daukan esanahia kontuan hartuta, 50 urtetik gorako emakume palistei Berangoko frontoian horrelako omenaldi bat egitea harro sentitzeko modukoa izan zen", dio. Une berezia izan zen guztientzat, euren buruei omenalditxo bat egiteko helburua bete baitzuten, adin horretan oraindino frontoiak okupatzen jarraitzen dutelako. "Parte hartu zuen emakumerik nagusienak 64 urte zituen, eta oso pozik egon zen. Oso polita izan zen denontzat"
Iñigo artisauaren ekarpena ere bereziki eskertu dute. Egurra lantzen du eta palak eskuz egiten ditu. Topaketaren egitasmoa azaldu ziotenean, berehala eskaini zien laguntza, inolako ordainik eskatu barik. Antolatzaileek azaldu dutenez, hasieratik oso jatorra izan zen eurekaz, eta sariak prestatu eta euren esku utzi zituen. "Bere prestutasuna, balioak, jarrera, gertutasuna eta inplikazioa txalogarriak izan dira. Iñigo bezalako pertsona bat bidelagun izatea eta bere laguntza sentitzea izugarria izan da", diote.
Urrats berrien bila
Orain, urrats handiagoak emateko asmoa daukate: hurrengo topaketa Euskal Herri mailan antolatzea. "Iparraldeko, Nafarroako, Bizkaiko eta Gipuzkoako adin horretako emakume palistak elkartzea gustatuko litzaiguke", azaldu dute. Erronka handia izango dela badakite, baina aurten Bizkaiko eta inguruko herrietako palistek emandako erantzunak aurrera egitera animatu ditu. "Asmoa da Euskal Herri osoko emakume palistak elkartzea, partida batzuk antolatzea eta hortik zer ateratzen den ikustea. Jendeak erantzuten badu, txiri-txiri joango gara", azaldu dute.