EHUk ikasle guztiei bidalitako gutunak azaltzen du irakasle "gehienek" prestakuntza jaso dutela Covid-19a dela eta etxetik eskolak ematen jarraitzeko. Ikasleek zer ikasketa modu jaso behar duten zehazten du gutunak: "Gure ustez, irakasgai bakoitzak lan plana izan behar du eta zuok horren berri izan behar duzue, eGelaren bidez edo antzeko tresnaren baten bidez, baina horrez gain, irakaslearekin zuzenean harremanetan egoteko aukera ere izan behar duzue bai eskola orduetan, bai tutoretza orduetan, eta ikaskuntza prozesuaren jarraipena ere izan behar duzue".
Irakasleren bat horrela ari ez bada, "berri eman"
Unibertsitateak bidalitako gutunak ikasleei eskatzen die aurrez zehaztutako baldintza horiek ematen ez diren ikasgaien berri eman dezatela: "Badakigu, balizko arazo tekniko batzuk gorabehera, oro har irakasleen lana unibertsitateak ezarritako estrategiaren arabera betetzen ari dela, baina gerta liteke, aparteko kasu batzuetan, hori horrela ez izatea. Horregatik, bada, idatzi dizugu jakiteko aurreko paragrafoetan adierazi bezala ari zaren prestakuntza jasotzen, eta horrela ez bada, zure egoeraren berri eman dezazun".
Prozedura hau zehazten du gutunak: ikasmailako, moduluko edo titulazioko irakasle koordinatzailearekin harremanetan jartzea, edo Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeari idaztea. Lehenik balizko arazorik legokeen irakaslearekin aurrez aurre hitz egitea ez da aukeren artean agertzen.
"Arazoa" adierazterakoan informazio hau emateko eskatzen du gutunak: "Adierazi zure izen-abizenak, titulazioa eta zein irakasgaitan duzun arazoa, eta, egoki iruditzen bazaizu, adierazi ere nor den irakasle arduraduna. Adieraz ezazu baita ere zein den arazo zehatza".
Albiste hau Argia-k argitaratu du, eta CC BY SA lizentzia baliatuz ekarri dugu HIRUKAra