Nahia Idoiaga da taldeko ikertzaileetako bat, eta oso adjektibo berezia erabili du COVID-19 pandemiak eragindako egoera deskribatzeko: adultozentrikoa. Pedro Sánchez Espainiako presidenteak alarma-egoera aldarrikatu zuenetik, berak eta bere lantaldeak kezka izan dute konfinamenduak adingabeengan izan dezakeen eraginaz. "Egoera hau guztiontzat da berria eta gogorra, baina haurren kasuan dimentsio bereziak har ditzake". Horregatik, eragin hori ahalik eta zehatzen neurtzera ekin dio Hezkuntza Fakultateko hainbat psikologok, hezitzailek, soziologok eta pedagogok osatutako talde batek. "Umeak erdigunean jartzea gure ardura badela deritzogu".
Ikerketa egiteko inkesta bat prestatu dute, gurasoek eta seme-alabek elkarregaz bete behar dutena. Lehenik, gaur egungo egoeraren gaineko marrazki bat egiteko eskatzen diote umeari, eta hortik abiatuta "familian elkarrizketa bat sortzea da helburua". Batetik umeek COVID-19az duten pertzepzioa ezagutu gura dute, eta bestetik haien ongizatea zein den jakin. Hego Euskal Herriko eskola denetara bidali dute galdetegia, hortik familietara zabal dadin. Umeek, printzipioz, 4 eta 12 urte bitartekoak izan behar dute, baina onartzen dituzte 3koak ere, berba egiteko gai badira eta gura badute.
"Sánchezek alarma-egoera ezarri zuenean hiruzpalau aipatu zituen txakurrak, eta umeak behin ere ez", dio Nahia Idoiagak, "eta horri buruz hausnartu beharra dago". Irakaslearen esanetan, euren asmoa ez da erakundeek ezarritako neurriak egokiak diren ala ez baloratzea, martxoaren erditik oraintsu arte (eta orain ere askorik ez) etxetik irten ez izanak umeengan zer eragin duen eta eurek zelan ulertzen duten jakitea baino.
Momentuz jasotako erantzunen aranera, eta eurek euren etxeetan dituzte egoeretatik abiatuta (amak dira lantaldeko kideetako asko) umeek erresilientzia badutela eta "pentsa genezakeena baino hobeto" egokitzen direla uste dute, "baina horrek ez du esan nahi ondo daudenik". "Aitortu egin beharko litzaieke egiten ari diren esfortzu ikaragarria", gaineratu du Idoiagak.
Ikerketan parte hartu gura dutenek lotura honetan sartuta dute aukera:
https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLScu2SB4NZi5hvq-1YCwm_YUli8vcTwz-8V-rWAL1HMUcvbopA/viewform