Koronabirusa Uribe Kostan

Espainiako Gobernuak atzera egin du: haurrek kalera ateratzeko aukera izango dute

Axier Lopez / Argia 2020ko api. 21a, 21:10

Jasotako kritika andanagatik iritziz aldatu behar izan du Espainiako Gobernuak. "Espainiakoa entzuten dakien gobernua denez", Osasun ministro Salvador Illak adierazi du haurrek paseoak emateko aukera bermatuko dutela.

Osasun ministro Salvador Illak esan du asteazkenean Kongresuak Alarma Egoeraren dekretuaren luzapena onartuz gero, horrek eskumena ematen diola berari neurriak ezartzeko. Eta hartuko dituen neurri horien artean haurrei paseoak emateko aukera dagoela.

Illak ez du azalpen gehiago eman nahi izan gai honen inguruan. Kazetariek galdetu diote ea zergatik aldatu duten jarreraz lau ordutan eta paseoak bermatzea zehazki zer esan nahi duen. Ez duela krontraesanik ikusten goizean eta arratsaldean gobernuak adierazitako neurrien baldintzen artean, eta "zuhurtziaz" jokatzen jarraituko dutela adierazi du, betiere "gizarteari eta adituei entzuten dakien gobernua delako Espainiakoa".

Kritika asko ordu gutxian

Kritika asko jaso du goizeko neurriak. Alarma Egoeraren luzapen berria ez babesteko mehatxua egin du PPk: "Dekretua aztertuko dugu eta erabakiko dugu". Ciudadanos alderdiko bozeramaile Ines Arrimadasek haurren neurria aldatzea eskatu du.

Mas Pais, ERC eta Madril, Aragoi, Andaluzia eta Galizako ordezkariek ahoab bilorik gabe hitz egin dute haurrak heldu batekin supermerkatura, farmaziara edo txakurra paseatzera joateko baimenaz. Zentzugabekeritzat jo dute horietako askok. Generalitateko presidente Quim Torrak esan du neurria "absurdua" zela.

Podemos barrutik ere kritikak

Osasun ministroaren prentsaurrekoaren aurretik, Pablo Echeniqueren ahotik, Podemosek eskatu dio bera kide den Espainiako Gobernuari jarreraz alda dezan. Aurretik, Bartzelonako alkate Ada Colauk jarrera aldatzeko eskatu dio gobernuari. Teresa Rodríguez Andaluziako parlamentariak eta Arabako Podemoseko diputatu Juan López de Uraldek publikoki ere kritikatu dute neurria.

Argia aldizkaritik hartu dugu artikulu hau, Creative Commons-en CC BY SA lizentzia baliatuta. Ikusi hemen jatorrizko artikulua.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun